Sanduzelaiko baratza komunalean lapurketa egin dute eta eragindako kaltea gainditzeko elkartasun kanpaina abiatu dute
"Kalte handia egin digute, baina auzoa lantzen jarraitzen dugu", adierazi du Komuna Baratza Sanduzelai taldeak. Diru bilketa bat abian jarri dute eragindako kalteei aurre egiteko.
2026-ko maiatzak 13
Sanduzelaien bada Komuna Baratza izeneko gune bat, auzokideek bultzatu eta kudeatutako baratze komunitarioa, hain zuzen ere. Irabazi asmorik gabeko proiektu honek bizikidetza, elkarri laguntza eta kultura aniztasuna sustatzea ditu helburuak “elkarlanaren eta elikagai ekologikoen ekoizpenaren bidez, bai autokontsumorako bai behar ekonomikoak dituzten auzoko familientzat”.
Pasa den asteburuan, lurra prestatzen hasi zirenean, “ezusteko mingotsa” aurkitu dute. Jakitera eman dutenez, larunbata gauean baratzea erasotu zuen norbaitek eta tresna ia guztiak, orgak eta ureztatze instalazioaren zati handi bat eraman zituen.

“Horrek dakarren kalte ekonomikotik harago, ordu eta orduetako lan kolektiboa eta garaiz landaketa denboraldia hasteko genuen itxaropena eraman dituzte”, salatu dute. Argi dute lapurreta hau eraso bat suposatzen duela “auzo osoarentzat eta proiektuak ordezkatzen dituen balioentzat: auzolana, kultura aniztasuna, elkarri laguntza eta komunitatea eraikitzea”. Betikoek ordaintzen dutela ere azpimarratu nahi dute: “produktu fresko eta kalitatezkoak eskuratzeko aukerarik ez duten auzoko bizilagun zaurgarrienek, batez ere prezioen igoeraren testuinguru honetan”.
Hala ere aurrera egitea erabaki dute eta auzotarren laguntza eskatzen dute: “Zuri ere babesa eskatu nahi dizugu, egunero auzo hobe baten alde lanean ari zareten kolektibo eta elkarte guztiei bezala. Proiektu honekin defendatzen duguna baratze bat baino askoz gehiago da: komunitarioaren garrantzia defendatzen dugu, auzokideen artean antolatzea eta indibidualismoaren aurrean espazio kolektiboak sortzea. Kalte handia egin digute materialean eta, zalantzarik gabe, zuen laguntza eta elkartasuna beharko ditugu zulo honetatik ateratzeko. Baina lapurtutako materiala ordezkatzeaz harago, une hau aukera ona izan daiteke auzoko sareak indartzeko, elkartzeko eta elkarrekin erantzuteko. Zure inplikazioa, laguntza eta ideiak izan nahi ditugu baratzea auzoarentzat gero eta espazio irekiago, partekatuago eta erabilgarriago bihurtzen jarraitzeko”, adierazi dute ohar batean.
Bizum bidezko diru bilketa bat jarri dute martxan (631 510285) eta baratzarako tresnak biltzeko kanpaina abiatu dute.

