Zizurrek herri espazioak aldarrikatu ditu, hirigintza planaren aurkako mila alegazio baino gehiago bilduta
Antzinako Eskolen eta txosnen plazaren defentsak Zizur Nagusiko herritarrak bildu ditu ostiral honetan, aldarrikapen jardunaldi batean. Kolektiboek jakinarazi dute udal hirigintza planaren aurkako mila alegazio baino gehiago bildu dituztela, eta etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko ezin direla suntsitu elkartzeko, kultura sortzeko eta herri antolakuntza garatzeko espazioak.
2026-ko urriak 16
Zizur Nagusiko Antzinako Eskolen plazan aldarrikapen jardunaldia egin dute ostiral honetan, «Plazaren berreskuratzea!» lelopean. Deialdiaren ardatza herriko bizitza kolektiboari lotutako espazio baten defentsa izan da. Izan ere, Udal Hirigintza Plan berriak etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du inguru horretan, eta arriskuan jartzen du espazioaren etorkizuna.
Agiriaren irakurketan, kolektiboek argi utzi dute ez daudela etxebizitzaren arazoari irtenbideak bilatzearen aurka. Zalantzan jarri dute, ordea, irtenbide horiek jarduera kultural, sozial eta politikoak hartzen dituen leku bat desagerraraztea eskatzen dutenik. Horren aurrean, elkartzeko, jaiak antolatzeko eta ekimen kolektiboak garatzeko espazioak zainduko dituen herri eredua aldarrikatu dute.
Salaketa eraikin batzuk edo plaza bat galtzetik harago doa. Kolektiboek ohartarazi dute antolatzeko eta pentsamendu kritikoa garatzeko espaziorik gabe geratzeak ondorioak izanen lituzkeela Zizurko elkarte sarean. Inauteriekin eta herriko jaiekin duten lotura ere gogorarazi dute; urte osoan herri ekimenek egiten duten lanaren emaitza dira ospakizun horiek.
Proiektuaren aurkako protesten eta mobilizazioen kriminalizazioa ere salatu dute irakurketan. Deitzaileek gaitzetsi egin dituzte udal osoko bilkuratik irtetean gertatutakoari buruz zabaldutako akusazioak, eta espazio horien defentsan mobilizatzen jarraitzeko borondatea berretsi dute.
Bide horretan, mila alegazio baino gehiago bildu dituztela jakinarazi dute, eta eskerrak eman dizkiete bilketa posible egin duten guztiei. Ostiraleko jardunaldiak herritarren erantzunari jarraipena emateko eta plazaren herri erabilera aldarrikatzeko balio izan du, kultur egitaraua antolakuntzari eta borrokari eusteko deiarekin uztartuz.
