Nafarroako Gazte Prekarioen Asanblada Maiatzaren Lehenaren harira
Gaurko eguna, maiatzak 1, gure egutegietan gorriz markatuta dugun eguna, langile klasearen nazioarteko eguna da. Gaurko egunean langileriari borrokarako deia luzatzen zaio antolakunde ezberdinetatik. Baina, zer egoeratan aurkitzen da langileria?
2019-ko maiatzak 1
Historian zehar pertsona askoren esfortzuarekin lortu diren garaipenak suntsitzen ari diren momentuaren aurrean gaude. Orokorra den prekarizazio olatu baten aurrean gaude, soldata baxuekin, langabezi tasa altuekin, ETTen hedatzea, ezegonkortasuna… Geroz eta zatikatuagoak eta antolatzeko zailtasun gehiagorekin.
Baina nola aurkitzen da gazte langileria? Gazte eta langile izateak gure bizitza erabat baldintzatzen du, gehien prekarizatua dagoen sektore bat izanik. Ostalaritzan lan egiten, autonomo faltsu bezala, laugarren turnoa egiten fabriketan… behar dugun gutxiengo autonomia bermatzen ez duten soldata eta baldintzekin. Guzti honi komunikabideetatik maltzurki zabalduriko “es lo que hay” filosofia gehitu behar diogu, gure gurasoak baino okerrago biziko den lehenbiziko belaunaldia izango garela onartzera kondenatuz.
Eta honen aurrean zer egingo du gazteriak? Honen aurrean dugun irtenbide bakarra antolakuntza eta borroka da, prekarietatea eta pobrezia normalizatzen duten mezuak deseraikitzetik hasiz. Prekarietatearen aurkako borroka piztuz, errealitatean eraginez, egoera sinplenetik konplexuenera. Gazteri antolatu batekin, zeinak emakume langile, pentsionista eta gainontzeko sektore zapalduekin batera gaur egungo egoerari aurre egiteko behar dugun klase kontzientzia kolektiboa berreskuratuko duena. Antolatzeko garaia da, gaurko egunean, nahiz urteko gainontzekoetan. Egunero delako maiatzaren lehena.
Gora gazte langileria! Gora maiatzaren lehena!