Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak ratioak murrizteko beharrezko aurrekontu-partida jasotzeko eskatu du
Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataforma Por La Pública
2026-ko urriak 30

Gobernua osatzen duten PSN, Contigo-Zurekin eta Geroa Bai alderdiak, EH Bilduren kanpoko babesarekin, lortzear dauden aurrekontu-akordioaren aurrean, Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak beharrezko aurrekontu-partida jasotzeko eskatu du, Nafarroako hezkuntza publikoko etapa guztietan ratioak murriztea helburu duen Herri Ekimen Legegilea (HEL) gauzatu ahal izateko. Sinadura-bilketa harrera bikaina izaten ari da Nafarroa osoan. Aste bakarrean, 600 sinadura-orritik gora banatu ditugu, 16.000 sinadura baino gehiago biltzeko aukera ematen dutenak. Kopuru hori legeak ekimena Parlamentuan eztabaidatu ahal izateko eskatzen duen kopurua baino askoz handiagoa da: hautesle-erroldaren % 1, hau da, gutxi gorabehera 6.000 sinadura.
Sinadura askoz gehiago biltzen jarrai genezakeen arren, gure lehentasuna ez da kopurua izango, arintasuna baizik. Ekimenak ahalik eta lasterren egin behar du aurrera, lege proposamena Nafarroako Parlamentua desegin baino lehen eztabaida dezaten, 2027ko martxoa baino lehenago, alegia. Horregatik, ez dugu sinadura-bilketa alferrik luzatuko: ekimena lehenbailehen parlamentura iristea eta hezkuntza publikoan ratio duinak legez bermatzea nahi dugu, aldian aldiko gobernuaren osaera edozein delarik ere. Ikasgelako ikasle kopurua murriztea funtsezko neurria da ikasleei arreta hobea eskaintzeko,
inklusioa sustatzeko eta kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko. Hezkuntza publikoa ez da gastua, esan ohi den bezala, etorkizunean inbertitzea baizik. Horregatik, aurrekontu-akordioa negoziatzen ari diren alderdiei arduraz joka dezatela eta ekimen hau gauzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak berma ditzatela eskatzen diegu. Hezkuntza publikoak ekintzak behar ditu, ez hitz hutsak. Borondate politikorik badago, aurrekontuetan gauzatu dadila eskatzen dugu.
