Mugimendu Feminista Nafarroako herri eta auzoetan mobilizatuko da datorren martxoaren 8an
19:00etan eta 20:00etan eginen dira mobilizazioak "Dena aldatu, sistema arrakalatu" lelopean.
2021-ko otsailak 25
Baionan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian egingo ditu manifestazio nagusiak Euskal Herriko mugimendu feministak. Dena aldatu, sistema arrakalatu leloa hartuko dute aurtengo protestek. Iruñean auzoka izanen dira mobilizazioak, 19:00etan eta 20:00etan; eta herrika ere antolatuko dituzte.
“Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista arrakalatzeko”, feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dela defendatu dute gaur Donostian egindako agerraldian: “Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko mugimendu feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo”. Kaleak hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu dute.