Martxoaren 8ko greba feminista Nafarroako txoko guztietara zabaltzeko deia egin dute

Greba feministan parte hartzeko modu asko daudela gogoratu dute, eta eguerdiko 12etan eta arratsaldeko 19etan herri eta auzo ezberdinetan eginen diren mobilizazioak azpimarratu dituzte.

2019-ko martxoak 6

Ostiralean, Euskal Herriko eta munduko emakume, trans eta bollerek berriro egingo dute planto deitutako greba feministan.

“Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu eta mundua sostengatzeko ardura kolektiboa exijitu nahi dugu, duintasunez bizitzeko bizi-proiektuak garatu ahal izateko. Zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, pertsonen zaintza zisheteropatriarkatu kapitalistarengatik zapaldutakoon bizkarrean geratu ez dadin. Soldatapean edo doan zaintzen duten emakumeen* arteko sare eta aliantzak indartu nahi ditugu, haiek gabe Nafarroa, Euskal Herria eta mundu guztia gelditzen dela ikusarazteko”, esan dute.

Greba honetan, ekimenak oso deszentralizatuak izanen dira, Nafarroako txoko guztietara heltzeko. “Emakumeon* antolakuntza tokian-tokiko testuinguruetan gauzatzea mugimendu feminista bezala dugun erronka eta prozesuetako bat dela uste dugu, horregatik, Iruñerria eta Nafarroarekin koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko bidean jardun dugu, borroka honetan guztiok daukagun garrantzia eta erantzukizuna agerian jarriz”.

Martxoaren 8ko deialdi nagusiak eguerdiko 12.00etan eta arratsaldeko 19.00etan izango dira eta Nafarroa osoan izanen dira ekimenak, mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera. “Greba hau espazio eta kolektibo ezberdinetako emakumeek* osatzen dute, eta gure artean partekatutako helburu politiko eta oinarri ideologiko argiekin ehundu dugu: greba hau feminista, antikapitalista, antikolonialista eta antiheteronormatiboa da. Planto egiten diegu ere borroka feminista eduki politikoz hustu nahi duten helburu partidista eta instrumentalistei”, adierazi dute.

Greba egiteko modu asko daudela gogoratu dute, eta beraz, parte hartzea ere anitza behar duela izan, “bakoitza bere espazioetatik eta bakoitza bere tresnekin”. “Greba gure lan edo ikasketa zentroetan egin dezakegu; gure auzo, herri eta hirietan; zaintzak alde batera utziz; amantalak balkoietara ateratzen; grebaren ekintzak eta mobilizazioak zabaltzen; besoko morea edo txapa jarriz…”

Irene Martinez eta Carlos Benéitez kazetariek El Salto egunkarirako egindako lana.

Gehiago