Martxoan Lezon ospatuko den Gazteon Eskutik ekimenak eztabaidak eta jaia uztartuko ditu

Martxoaren 29tik 31ra Ernaik antolatu duen Gazteon Eskutik ekimenaren egitaraua aurkeztu dute. Gazteak kezkatzen dituzten gaien inguruko eztabaidak eta tailerrak musika emanaldiekin eta bestelako ikuskizunekin uztartuko dira 3 egunen zehar.

2024-ko otsailak 14

“Gazteok izango gara protagonista historia kontatu eta egingo dugunak” horrela adierazi du Ane Alava, Ernaiko bozeramaileak, Gazteon Eskutik ekimenaren egitarauaren aurkezpenean. Gazteen bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu eta egoerari alternatibak loratzeko borroka ziklo oso bat irekitzeko mugarria izango da martxoaren 29tik 31ra Lezon antolatuko duten ekimena. Alavaren hitzetan “herri hau martxan da” eta oraingoan “gazteak lehen lerroa hartuko dutela argi utzi nahi izan du: “Gazte independentistok asko daukagu esateko”.

Bide horretatik “lokatzetan sartu” eta eztabaidatzeko, gozatzeko eta dantzatzeko egitarau zabala aurkeztu dute. Pil-pilean dauden gaiak ekarri dituzte lehen lerrora: Gatazka eta eraikuntza feministak; Palestina; Gazte eszena musikala zein pornoa, morala eta desira dira horietako batzuk.

Gainera “Belaunaldi berri bati” eskaini nahi izan diote oholtza. Bertan izango dira Hofe x 4:40, Belako, Ganibet, Eire, Ithaka, Zilibito Rekords eta Amooma beste batzuen artean.
Egunean zeharreko aisialdi eskaintza oparoa ere antolatu du Ernaik: Drag Show-a; Gazte Bazkaria; Bertso-saioa; Porrotx; Gazte sortzaileen azoka…

Bonuak Bibe.eus eta salmenta puntu fisikoetan eskuragarri daudela azaldu dute, eta informazio guztia sare sozialetatik (@gazteoneskutik) zabaltzen jarraituko dutela gehitu nahi izan dute.

Parte hartzeko deia zabalduz amaiera eman dio Alabak hitzartzeari eta “elkarrekin hausnartu, ikasi eta dantzatzeko horrelako aukerarik ez dagoela” azpimarratu du.

Gehiago