“Loratuko da udaberria”: Gazteon Eskutik! ekimena ostegunetik aurrera Lezon

Ernai gazte antolakundeak egitarau zabala prestatu du hurrengo egunetarako: hitzaldiak, mahi inguruak, taillerrak, kontzertuak, herri bazkariak, bertso saioak...

2024-ko martxoak 26

“Loratuko da udaberria” lelopean, Ernai gazte antolakuntzak Gazteon Eskutik! Ekimena antolatu du Lezon. Bertan, “gazteon egoera berriz ere mahai-gaineratu eta aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan” adierazi dute. 

“Garai ilun eta nahasi hauetan” bestelako eredu, ideia eta borrokek duten gaitasun eraldatzailea gazteen eskutik etorriko direla diote. Izan ere, gazteen bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaltzeko, zein egoerari alternatibak loratzeko, borroka ziklo oso bat ireki nahi dutela azaldu dute. 

“Euskal herrian bizi nahi dugun gazteak gara, eta gazte independentistok asko daukagu esateko. Lokatzetan sartuko gara, eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara eta denon artean gure neurrira egongo den herria errealitate bihurtuko dugu Lezon” gehitu dute. Horregatik aurtengo udaberriko ekimenean gazteak izango direla protagonistak azpimarratu dute. Eta, horretarako antolatu duten egitaraua azaldu dute: Gatazka eta eraikuntza feministak; bizitza duinen aldeko udaberria; Palestina; Gazte eszena musikala zein pornoa, desira eta morala izango dituzte mintzagai. 

Horrez gain, egunean zehar egongo diren gune ezberdinak eta bertan eskainiko diren ekintzak aurkeztu dituzte: Drag Show-a, Gazte Bazkaria, bertso-saioa, Porrotx, gazte sortzaileen azoka… Bestalde, hainbat kontzertu eskainiko dira, Hofe x 4:40, Belako, Ganibet, Mafalda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Rekords, Amooma, Xiberoots… besteak beste. 

Sarrerak jada Bibe.eus-en eta salmenta puntu fisiko ezberdinetan eskuragarri daudela aipatu dute eta sare sozialen bidez hauen berri emango dute. Eta bukatzeko, ekimenean parte hartzeko deia zabaldu dute, “elkarrekin hausnartu, ikasi eta dantzatzeko horrelako aukerarik ez baitago”.

1994tik, Aste Santuan, gazte ekimena

 1994an antolatu zuen Jarrai gazte antolakundeak lehen Gazte Topagunea. Ordutik hona, hamaika herri eta mendi igaro ditu gazteon ekimen herrikoiak, Klak gazte tresna komunikatiboak, urte guzti hauetan izandako oztopo ugarien gainetik. Aurten,  udaberria Lezon loratuko dela nabarmendu dute.

Gehiago