Lizarrako Gazte Asanbladak eraikin bat okupatu du

Urte luzeetan zehar Lizarrako Pinupe Gaztetxea gazte mugimenduaren erreferente bat izan eta gero, Lizarrako Gazte Asanbladak okupazio berri bat gauzatzea erabaki du eta Lizarrako erdialdean kokaturik dagoen eraikin publiko batean sartu dira autogestio proiektu bat martxan jartzeko asmoarekin.

2018-ko ekainak 23

“Pinupe gaztetxeak ez ditu gaur egun dauzkagun beharrak asetzen”, azaldu dute, nahiz eta onartzen dute bere historian zehar “gauza askorako aukera eman du eta bertan proiektu oso aberasgarriak” atera direla, “baina denbora aurrera doan bezala, kontzientzia eskuratu eta mundu hau aldatzea helburu dugunontzat, baldintzak ere aldatu egiten dira, eta ondorioz, arazoei aurre egiteko tresnak ere bai”.

Okupazio berri honekin jabetza pribatua salatu nahi dute, kapitalismoaren oinarria den heinean. “Jabetza pribatutik kolektibora pasa behar dugu eta esparru desberdinen zuzeneko kontrola berreskuratu. Horretarako tresna dira okupazioa zein autogestioa”, azpimarratu dute.

“Hau gutxi balitz, sistema honengandik zanpatuta gaudenok ez dugu talde homogeneo bat osatzen. Gure artean botere harreman desberdinak existitzen dira eta modu desberdinean jasaten dugu zapalkuntza (langile klasearen baitan dauden subjektibitate desberdinak: gazteak, langabetuak, emakumeak, langile prekarioak, pentsionistak, atzerritarrak, euskal hiztunak, genero disidenteak, ikasleak… beraien kasa borrokatu ezin duten animali edo amalurra ahaztu gabe) eta beharrezkoa da gure arteko elkartasuna. Beraz, beharrezkoa da gaztetxea espazio kolektibo bat izatea eta bertan kontrol osoa edukitzea erabiltzen dugunok, funtzionatzeko modu honek jartzen duelako botere harremanik gabeko bizitza eredu baterako baldintza materiala”, aipatu dute zabaldutako komunikatuan.

Okupatutako erakin publiko hau azken urteetan “abandonaturik” eduki dutela ziurtatu du Gazte Asanbladak, eta gune honetan “proiektu asko” egiteko asmoa dutela zabaldu dute.

Gehiago