Latzen, Belako eta La Txama, Aske jaialdirako baieztapen berrien artean
Ketekalles, Latzen, Maruxak, Belako, Bull Brigade eta La Txama dira ASKE jaialdiko bigarren edizioko baieztapen berriak. Abenduaren 26an Atarrabian ospatuko den jaialdiko sarrerak dagoeneko salgai dira 40 euroren truke.
2026-ko irailak 10
Abenduaren 26an ospatuko da Atarrabian ASKE jaialdiaren bigarren edizioa. Aurtengoan ere, oholtza gainean estilo ezberdinak plazaratzea izan dugu helburu. Tartean, Arkada Social eta Des-kontrol taldeek azken ‘bi mailukadak’ emango dituzte, Aske jaialdian eta 40 Minutu Rock jaialdian. Arrasateko taldeen emanaldiez gain, Añube, Sukena eta Tremenda Jauria arituko dira.
Gaur, beste sei talderen iragarpena egin du Aske jaialdiko antolatzaileek: Maruxak taldeak Euskal Herriko txoko guztiak ari dira bisitatzen azken hilabeteotan ‘Eskuminak’ EP arrakastatsuarekin. Hamaika kolaborazio bildu dituzte Iruñerriko trabestiek, aldarria eta dantza bikain uztartuz. Haiekin batera, La Txama izango da doinu dantzagarriak jartzeko arduraduna. Donostia eta Iruñeako kideekin osatuta, hip-hopa, folk-rocka eta ‘corrido tumbadoa’ fusionatuz giro paregabea jarriko dute.
Latzen taldeak 2025eko apirilean iragarri zuen bere itzulera. Oñatiarrak Hatortxu Rockeko azken edizioan igo ziren berriz oholtzetara eta orduz geroztik metal doinuekin josi dute eszena. Soinu gogor zaleek aukera berri bat izango dute Atarrabian. Alemaniatik hainbat kontzertu eskaintzekoa da Belako taldea. Euskal Herrira itzultzerakoan gurean izango da urtea amaitu bitarte eskainiko duen azken kontzertuetako bat.
Euskal Herriko mugetatik kanpoko musikarien bisita ere jasoko da aurtengoan. Ketekalles taldean Bartzelonan du jatorria, baina sustraiak Txilen, Venezuelan eta Argentinan ere baditu. Turinetik dator ordea Bull Brigade. Bi hamarkadatik gora darama talde italiarrak punka oholtza gainean defendatzen.
Sarrerak salgai
ASKE jaialdiko bigarren ediziorako sarrerak askejaialdia.eus webgunean daude eskuragarri, 40 euroren truke.
Gehiago
BDZk Europak Israelen aurrean «erabateko obedientzia» duela eta Gazako genozidioaren aurrean ez duela ezer egiten salatu du
La Vueltako protesten aurkako errepresioa salatu dute eta Palestinarren aldeko ekintzaileen aurkako prozesuak amaitzea eskatu dute
