Lanuzteak Hezkuntza Publikoaren alde Baztan eta Bidasoaldean
2025-ko otsailak 19

Iturria: Erran.eus
Ikasturte honetan, dagoeneko hiru greba egun egin dituzte irakasleek, baina «Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia» ikusita, Hezkuntza publikoaren alde lelopean, eskualdeka banatuta, lanuzteak egiten hasi dira. Gaur, Elizondon, Beran eta Donezteben elkarretaratzeak eta asanbladak egin dituzte.
Gaur hasita, zazpi egunez, zazpi mobilizazio iragarriak dituzte Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Zehazki, asteazkenero bi orduko lanuzteak egiteko asmoa dute, 09:00etatik 11:00etara, eta tarte horietan asanbladak eta elkarretaratzek eginen dituzte.
Hala egin dute gaur Elizondon, Beran eta Donezteben. Baztango elkarretaratzea Elizondoko plazan egin dute eta ondotik, Lanbide Eskolan asanblada egin dute; Malerrekako elkarretaratzea ikastetxe aitzinean eta biribilgunean egin dute eta asanblada San Miguel eskolan. Bortzirietako elkarretaratzea, berriz, Berako Mukixu zubian egin dute eta asanblada Toki Ona institutuan.
Hurrengo hitzorduak, honakoak dira:
Otsailaren 26an Lizarraldean
Martxoaren 12an Sakana-Larraun-Leitzaldean
Martxoaren 19an Zangoza aldean eta Pirinioetan
Martxoaren 26an Erriberan
Apirilaren 2an Tafalla aldean
Apirilaren 9an Iruñerrian