Lanuzte orokorraren ondoren, Palestinaren aldeko manifestazioa eginen du Yalak larunbat honetan Iruñean

2025-ko urriak 16

Larunbatean mobilizazio berri bat eginen da Iruñean palestinar herriari elkartasuna adierazteko. Yala Nafarroaren ustetan, kalean jarraitzea “ezinbestekoa dela zigorgabetasuna geldiarazteko, duintasuna errespetatzeko eta Palestinako herriaren eskubideak bete daitezen eskatzeko”. Elkarte honen esanetan konponbide batera iristeko okupazioaren amaiera, itzultzeko eskubidea, APARTHEIDaren amaiera eta bere burujabetza eta autodeterminazioarekiko errespetua ezinbestekoak dira.

Su etena sinatu zenetik egun batzuk pasa diren honetan, herri palestinarraren erabakiekiko eta bere erresistentziarekiko erabateko errespetua erakutsi nahi izan diote, beti ere argi izanda su-etena ez dela herri palestinarraren azken helburua, “autodeterminaziorako bidean nahitaezko eta beharrezko urratsa baino ez dela”. Horregatik azpimarratzen dute elkartasuna behar beharrezkoa del eta “Israelen krimenak eta zigorgabetasuna” amaitu behar direla. “Komunitate palestinarra izango da beti bere askapenerako bideak zehaztuko dituena”, nabarmendu dute.

Horregatik deitzen dute berriro kalera ateratzeko. “Giza Eskubideen etengabeko urraketak, Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa sistematikoak eta mendebaldeko gobernuen gelditasunak guztiok interpelatzen gaituzte. Basakeria hori geldiarazten ez badugu, genozidioa, espoliazioa eta arrazakeria zigorrik gabe uzten dituen mundu bat normalizatzen ari gara. Ezin dugu onartu nekeak edo ohiturak enpatia eta ekintza lapurtzea”.

Mobilizazioa Iruñeko Zitadelatik abiatuko da arratsaldeko 18.00etan, eta hamarka elkarte eta kolektiboek babestu dute.

Gehiago