LABen erantzuna Nafarroako 0-3 Plataformari: “Gauzatu dezagun Nafarroako haur hezkuntzako lehen hitzarmena”
LABek iragarri du Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen hitzarmen kolektiboa errealitate izan dadin borrokatuko duela.
2026-ko maiatzak 20
Sektoreko nahiz beste arlo batzuetako ordezkariek, eta sindikatuko hainbat militantek lagunduta, LABek agerraldia egin du Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen hitzarmen kolektiboaren beharra defendatzeko. Sindikatuak jarrera “irmoa eta aldi berean bateratzailea” mantentzeko borondatea adierazi du “sindikatu, langile eta plataformaren artean zubiak eraikitzeko asmoarekin”, bere esanetan, aukera horri “interes partikular eta korporatiboei soilik erreparatuz” atea itxi nahi diotenen aurrean.
LABek ziurtatu du 0-3 zikloaren kudeaketa zuzena eta publifikazioa defendatzen jarraitzen duela, baina honakoa defendatu du: “hori iritsi bitartean langileak ezin dira beren lan-baldintzak hobetzeko tresnarik gabe gelditu”. Beste sektore eta kolektiboetan ere ez dela halakorik gertatzen zehaztu du. Horren erakusgarri zahar egoitzetako langileak jarri ditu sindikatuak, eta nabarmendu du posible dela hitzarmen propio baten alde borrokatzea, berau lortzea eta aldi berean publifikazioa eskatzen jarraitzea. “Hitzarmen batek ez dakar amore ematea, klase konkista bat da”, azpimarratu du.
LAB sindikatuak Nafarroako 0-3 Plataformak zabaldutako dokumentuari erantzun dio, “borondate bateratzailez baina bere motibazioen irmotasunari eta argitasunari uko egin gabe”. Zentzu horretan, sektorearentzat Nafarroako hitzarmen propio bat negoziatzen hasteko beharra defendatu du.
Lehenik eta behin, LABek Nafarroako haur eskoletako langileen borroka aitortu eta baloratu du, horren parte ere badela argi utziz. Sindikatuak gogorarazi du 2022ko greba mugagabea bezalako mobilizazioei esker “aurrerapen garrantzitsuak” lortu direla, eta jarraian gehitu du horrek ez duela justifikatzen “Nafarroako hitzarmen propio bati atea ixten saiatzea”.
Plataformak LABen jarrerari eginiko kritikak aipatu ditu jarraian: Nafarroako hitzarmen batek “pribatizatutako kudeaketa ereduaren aurrean amore ematea ekarriko lukeela” eta “hainbeste desiratutako kudeaketa zuzenerako oztopo” izango litzatekeela. Horren aurrean, LABek adierazi du beste sektore batzuetako esperientziak kontrakoa erakusten duela. Sindikatuak zahar egoitzen, anbulantzien, ezgaitasunaren edo kirol instalazioen kasuak aipatu ditu, eta nabarmendu du horietan hitzarmen propioak egotea “publifikazioa exijitzeko tresna gisa” balio izan duela.
Era berean, LABek sektoreko lan-baldintzak Nafarroan bertan negoziatzeko eskubidea defendatu du, jakinarazi duenez, bazterrean utzi ezin den aldarrikapen historikoa baita. Zentzu berean, “lurraldean negoziazio kolektiborako gaitasuna ukatzen duen ikuspegi unionista eta espainiarra” gaitzetsi du, “are gehiago Estatuarekin parekatzeak hemengo lan-baldintzak okertzea ekarriko badu”.
Sindikatuaren ustez, gainera, sektorearen egiturazko gabeziak “ez dira hitzarmenaren aurkako argudio bat, baizik eta, administrazio publikoak beren erantzukizunak betetzera behartuko dituen erregulazio baten aldekoa”. LABen arabera, hitzarmen propio batek gutxieneko soldata taulak eta bete beharreko lan baldintzak finkatzea ahalbidetuko luke. Sindikatuak azpimarratu du ere, publifikazio baten aurrean, Nafarroako hitzarmen batek gutxieneko baldintzak bermatzeko balio izango lukeela subrogazio-prozesuan. Aldiz, “hitzarmen propiorik gabe, langileak estatuko hitzarmenak ezartzen dituen baldintzekin subrogatuko lirateke”, ohartarazi du.
LABek leporatu dio Plataformari “ikuspegi partikular eta korporatiboa” mantentzea eta, bere ustez, “langileak aurrez aurre jarri nahi dituzten mezu antisindikalak” zabaltzea. Gainera, sindikatuak baieztatu du Plataformako kide batzuk “patronal gisa eratu ahal izango liratekeela, horrela hitzarmenaren negoziazioari ekin ahal izateko”, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmenean gertatu zen bezala. Gogoratu du horrek “2.000 langile baino gehiagoren baldintzak nabarmen hobetzea” ekarri zuela. Hala ere, kasu honetan horri uko egiten diotela kritikatu du sindikatuak.
Azkenik, sindikatuak berretsi du 0-3 sektorearen erabateko publifikazioa defendatzen jarraitzen duela, beste esparru batzuetan bezala; hala nola, zahar egoitzetan, anbulantzietan, desgaitasunean edota kirol instalazioetan. Hala ere, azpimarra jarri nahi izan du honako honetan: aldarrikapen horrek “ezin du berehalako lan hobekuntzei uko egitea ekarri”. Sindikatuak beste behin ere gogorarazi du zahar egoitzetako langileek erakutsitakoa: “hitzarmen propio baten alde borrokatu, lortu eta publifikazioa exijitzen jarraitu daitekeela”. “0-3 zikloan LABek gauza bera egingo du” iragarri du azkenik.
