LABek Arbizuko lan istripu mortala salatu eta haren inguruabarrak berehala argitzeko exijitzen du

LAB sindikatuak bere elkartasuna eta dolumin sentituenak helarazi nahi dizkie gaur Sakana S.Coop enpresaren Arbizuko Lakber Mecanizados lantegian hil den R.A.C. 35 urteko langile altsasuarraren familiari eta lagunei. Era berean, sindikatu honek irmo baino irmoago exijitzen die erakundeei eta enpresa horretako arduradunei gaurko ezbehar traumatikoaren inguruko zirkunstantzia guztiak argitzea, batez ere kontuan hartuta hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresa horretako bi lantegitan.

2019-ko ekainak 25

LAB sindikatuak dituen datuen arabera, Euskal Herrian lanean hildako 27. langilea da gaurkoa (9.a Nafarroan). Datu horiek eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea nahitaezkoa dela kontuan harturik, LABek dei egiten du Arbizuko lan istripua salatzeko antolatuko diren ekitaldietan partze hartzera.

Lan istripu guztiak tamalgarriak eta kezkagarriak diren arren, LAB sindikatuari bereziki kezkatzeko modukoa iruditzen zaio konstatatzea gaurkoa dela Sakana S.Coop enpresak dituen lantegietan azken lau urteetan hil den hirugarren langilea.

2015eko ekainaren 26an, Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian, azpikontrataturiko enpresa bateko langile J.M.R.G. 43 urteko corellarra hil egin zen, 14 metroko altuera batetik erorita. Istripu hura dela eta, 2017an urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten bigarren enpresako bi arduraduni, langileen eskubideen aurkako delitu batengatik eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitu batengatik.

2018ko martxoaren 15ean Y.L.A. 30 urteko langile lakuntzarrak istripua izan zuen Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian. Plataforma metaliko bat erori zitzaion lanera eta egun bat geroago hil zen.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da horren guztiaren atzean dagoen zio bakarra enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekarietatean, eta ez da beharrezko prebentzio neurriak hartzen. Batzuek gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak, baita hiltzen direnak ere. Hala, istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Normalean, prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izaten dira istripuak, eta halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz.

Gehiago