Kitzikan gazte antolakunde berria martxan da

Sexu askapenaren alde borroka egingo duen gazte antolaunde berria aurkeztu dute asteburuan.

2015-ko otsailak 3

Bi urtez eratze prozesuan murgilduta egon ostean, hausnarketa eta eztabaidetatik ekintzetara jauzi egiteko sortu dute Kitzikan. Mezu argi bat zabaldu dute: “Kaleko indarrean sinesten dugu, kalean aurkituko gaituzue, kalea baikara”.

Jendartea gorputz, sexualitate eta identitateen kontroletik askatzea izango du helburu Kitzikanek, antolakuntzaz jendarte osoaren askapen prozesu bat bultzatzea: “Jende askok pentsatzen du gay eta lesbianen mugimendua dela, baina ez da horrela. Sexua duen pertsona oro bildu nahi dugu, jendartea askatu”.

Kalea izango da Kitzikanen joko zelaia: “Kalean dugu etorkizuna, kalea da gure iragana, gure oraina. Kalea gara. Kalean nahi ditugu kandelak sutu, eta kandelak sute bihurtu, kaleko izakiak nahi ditugu piztu, zirikatu”. Eta jokoaren inposatutako arauak “alutik” sartuko dituztela ohartarazi dute, “berdintasun faltsuaren” ideia gaitzetsiz.

“Altxatu gara espetxeetan, estatuen arteko mugetan. Esnatu gara zubi azpian, auzoetako taberna eta gaztetxeetan, eta leku horietan guztietan dastatu dugu laguntasuna, konpromisoa, elkarlana”. Gaur arte bizi eta ikasitako guztia hartu eta bide berriari ekingo dio, beraz, Kitzikanek, hetero-patriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta garatzea helburu.

Antolakunde nazional bat izango den arren, eskualdeetatik hasita sustraitu nahi dute mugimendua, eta “behetik gora” antolatuko dira, herrietako taldeek hartuz protagonismoa.

Gehiago