Karasatorre eta Iparragirre euskal presoen birgizarteratzea prozesua eten egin du Auzitegi Nazionalak izandako presio mediatiko eta politikoaren ostean

Auzitegi Nazionaleko epaile Jose Luis Castrok Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre preso politikoen baldintzapeko askatasuna baliogabetu eta berriz espetxeratzeko agindu du.

2026-ko apirilak 23

Iturria: Argia.eus-Ahotsa.info

Jose Luis Castro espetxe-zaintzako epaileak Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre espetxera itzultzeko agindua eman du, 100.2 artikulua aplikatzea desegokia dela iritzita. Iparragirre martxoaren 24an atera zen Martuteneko espetxetik.

Iparragirreren kasuari dagokionez, epaileak berak aitortu du kondenen hiru laurdenak betetzeko data hurbil samar dagoela, baina “kondenatua izan zen ekintzen larritasuna” azpimarratu du. Eta Karasatorreren kasuan, argudiatu du Lakuako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren ebazpena “Zuzendaritza Zentroak bere kabuz hartutako erabakia” izan dela, “Tratamendu Batzordearen aldez aurreko proposamenik edo erabakirik gabe”.

Espetxeen eskumena duen Eusko Jaurlaritzak erabakitakoarekin talka egiten du Auzitegi Nazionalaren erabakiak. Justizia eta Giza Eskubideen Sailak argudiatu zuen presoek “aldeko bilakaera” izan zutela eta “zigorraren zati handi bat betetzetik gertu” zeudela. Hala ere, Fiskaltzak helegitea jarri zion erabaki horri, “ezkutuko hirugarren gradua” zelako. Auzitegi Nazionaleko epaileak fiskaltzaren irizpide hori babestu du, eta bereziki kritikoa izan da 100.2 artikuluaren erabilerarekin. Ebazpenean ohartarazi duenez, mekanismo horrek “itxaropen faltsuak” sor ditzake presoengan, eta “ondoeza” eragin, “biktimengan eta gizartean”. Castro epailea harago joan da, eta araudia erreformatzeko beharra planteatu du, antzeko egoerak saihesteko. 100.2 artikuluaren aplikazioa etetea proposatu du, errekurtsoak ebatzi bitartean.

Sare: “Mendekua”

Sare Herritarrak ohar bat kaleratu du erabaki judizial hau arbuiatzeko. “Lehenik eta behin, erabaki honek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen jarrera, eta esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin lotura handiagoa duena”.

Sarek gogoratu duenez, espetxeetako tratamendu-batzordeak diziplina ezberdinetako profesionalek osatzen dute, eta presoen garapena kasuz kasu aztertzen dituztela eta erabakitzen dituzte gradu-progresioak edo 100.2 artikuluaren aplikazioa. Horregatik arbuiatzen dute Auzitegi Nazionalaren erabakia, 400 kilometrora kokatua dagoen epaitegia izateagatik eta preso hauen ibilbidea ez ezagutzeagatik. Sarek dio erabaki juridiko honek baliogabetzen dituela Espetxe Administrazioak hartutakoak “argudio juridikoak baino politikoagoak erabiliz.”

“Errebantxak ez du inongo biktimaren sufrimendua arintzen. Biktimek beren mina aitortzea eta haren erabilera politikorik ez egitea aldarrikatzen dute. Utz ditzagun biktimak bakean. Onar dezagun sufrimendu hori, SAREk etengabe egiten duen bezala”.

Etxarrin Etxera Eguna larunbata honetan

Sare Herritarrak antolaturik, asteburu honetan Etxera Eguna ospatuko da Etxarri Aranatzen. Aurretik egindako deialdi honekin oraindik ere herrian geratzen diren bi preso politikoen eskubideen errespetua eta haien etxeratzea aldarrikatuko da. Egoera ikusita, Sarek asteburu honi begirako deialdia indartu nahi izan du. Ostiralean Fan Matxine eta Bulkada taldeak arituko dira Gaztetxean. Larunbatean, berriz, goiz goizetik hasiko dira jarduerak. Goizeko 10.00etan mural margoketa eginen da, 12.00etan erakusketa bat ikusteko aukera izanen da, 13.00etan kantatzeko ordua izanen da, eta 15.00etan herri bazkaria eginen da. Arratsaldeko 20.00etan ekitaldia izanen da eta ondoren taloak jateko eta kontzertuak izanen dira. Mala Pekora, Txalainak eta Ekintza taldeak igoko dira oholtzara.

Gehiago