Internazionalismotik Euskal Herria eraikitzera eginen du Askapenak 2018ko Brigadekin

Latino Amerika, Ekialde Hurbila eta Europara brigadak izango dira aurten, "Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatzeko" brigada hauetan izandako bizipenekin.

2018-ko otsailak 8

Munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditu Askapenak aurten ere “internazionalismoak gure herriaren askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia” mahai gainean jartzeko asmoz. Askapenaren hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat, izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta Euskal Herrikoak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehundaka euskal brigadistek, Euskal Herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaltzearekin batera.

“Elkartasunak politikoa behar du izan, eta bi norabideetakoa, joan-etorrikoa alegia. Honela ulertzen dugu internazionalismoa, eta brigadek horri erantzun behar diotela uste dugu”, dio zabaldutako oharrak. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez da turismo politikoa egiten, ezta karitatez lagundu edo irakaspen iraultzailerik ematen. “Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera eramaten dute, gure herriarekiko onurarik ez dutenak”, dio Askapenak.

Euskal Herriaren askatasuna helburu izanik, jakitun baidira hori dela gainontzeko herriei egin diezaieketen ekarpenik handiena. “Internazionalismoak nazioa behar du, herritik herrira joan-etorriko eta berdintasunean oinarritutako elkartasun politikoa bideratzeko. Eta horretarako, herrion borroken elkar-ezagutza bultzatzeko brigadak dira gureak, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten”, argitzen dute.

Latino Amerika, Ekialde Hurbila eta Europara brigadak

Askapenatik egindako analisien harira, munduko hegemonia hiru eremu geografiko nagusitan jokatzen ari da, eta herri langileen etorkizuna dago jokoan, borroka zinez interesgarriak egonik. Beraz, Latino Amerika, Ekialde Hurbila eta Europara brigadak izango dira aurten. “Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Ekialde Hurbileko brigadan inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra eta honek dakarren ondorio nagusia, milaka errefuxiatu izatea, izango dira ardatz nagusiak. Eta azkenik, Europan, periferiako herriek bizi duten egoera landuko dugu, ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesuekin batera.”

Brigada hauek aurkezteko datozen asteetan, apirila arte, hitzaldi bira eginen dute Euskal Herriko txoko guztietatik.

Gehiago