Indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa egin zuen Itaiak larunbatean Iruñean

2023-ko azaroak 26

Indarkeria matxista “emakumeok azpiratuak mantentzeko bitartekoa” dela salatzeko mobilizazioa egin zuen atzo Itaiak Iruñean. “Nahiz eta indarkeria matxistak forma berriak ere hartu dituen, egunez egun egin behar diogu aurre erasoaldi sistematikoei: jarraipenak, jazarpenak, mehatxuak, komentario lizunak, bortxaketak. Eta bere aurpegi ilunenari, erailketa matxistari, urte honetan gutxienez 4 dira erailak eta, azkena, Lizarrako erailketa bikarioa izan genuen. Gertakari hauek guztiak gogor salatzearekin batera, indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko dei egin nahi dugu azaroaren 25 honetan”.

Instituzioetatik martxan jartzen diren berdintasun politikek “ez dutela emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko inolako asmorik” salatzearekin batera, “emakume langileon azpirakuntza eta gure aurkako indarkeria matxista normalitzatzen duen industria kulturalari eta instituzioei” aurre egitea eta indarkeri matxista sufritu duten emakumeek “beharrezkoa duten babes material, sozial eta ekonomikoak bermatuak” izatea proposatzen dute. Bestetik, indarkeria matxista gauzatu duen erasotzailearen
aurkako “jarrera irmoa” izatea ere eskatu zuten.

Bukatzeko, indarkeria matxistaren kontrako borroka eta kontzientziazio lana beharrezkotzat jo zuten “eta gizarte sozialista eraikitzera bidean baldintza politikoak eraikiz”, eta azaroaren 30ean kalera irteteko deia luzatu zuten.

Gehiago