Hezkuntza Publikoan ratioak jeisteko herri-ekimen legegilea abian: 7.000 sinadura behar dira

Ratioak Jaitsi 0-18 taldeak, Nafarroako Haur Eskolen aldeko 0-3 Plataformak, Publikoaren Alde taldeak eta Sortzen federazioak Nafarroako Hezkuntza Publikoan, etapa guztietan, ratioak jaisteko herri-ekimen legegilea aurkeztu dute. Osotara, 7.000 sinadura behar dira proposamen hau eztabaidatzeko. Kanpaina martxan jartzeko hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea eskatu dute.

2026-ko maiatzak 14


Nafarroako Hezkuntza Publikoan, etapa guztietan, ratioak jaisteko herri-ekimen legegilea aurkezteko “Patxi Larrainzar” eskolako patioan egindako agerraldian adierazi dute ratioak jaistea “ezinbestekoa dela” haur eta nerabeei arreta hobea bermatzeko eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.

Ikasgelen masifikazioa salatu dute, eta horren aurrean ez dela “konpromiso irmorik” hartu ziurtatu dute.
“Horregatik guztiagatik, herri-ekimen legegilea erregistratu behar izan dugu, gobernatzen duenak gobernatzen duela, hezkuntza publikoko sarean ratio egokiak bermatu daitezen legez ziurtatzeko”.

Legea egiteko, Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sarearen gomendioetan oinarritu dira “baina, gurera ekarrita, Lanbide Heziketako edo Landa-eremuko eskolen errealitateari ere erreparatu diogu”, adierazi dute. Eta hezkuntzaren etapa guztiei eragingo lieke. Loteslea izango den lege berri hau betetzeak “lehentasuna izango du Nafarroako aurrekontu orokorrak egiterakoan”, aipatu dute.

Orain, Nafarroan erroldatutako, gutxienez, 7.000 adin nagusiko lagunen sinadurak biltzen saiatuko dira. Horretarako hezkuntza komunitatearen laguntza eta inplikazioa eskatu dute. Parte hartu nahi dutenak ekimenaren bultzatzaileekin harremanetan jar daitezke publikoarenaldeporlapublica@gmail.com helbidera beren izen eta telefono zenbakia bidaliz.

Parlamentuaren Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak herri-ekimen legegile hau tramitatzea onartzen duenean hasiko dira sinadura horiek biltzen, eta sei hilabeteko tartea izango da behar den gutxieneko kopurua erdiesteko.

Bukatzeko, azpimarratu nahi izan dute ratioen jaitsiera lehenengo urratsa baino ez dela izango. “Ez baitugu normalizatu nahi, esaterako, orientatzaileen lan zama, jantoki publikoen gabezia, garbitzaileen egoera prekarioa edo instalazioen egoera txarra, guztion dirua, langileon zergetatik bildutakoa, bidegabeak diren gastuetan xahutzen denean edo interes pribatuetara bideratzen denean. Hezkuntza publikoan inbertitzea lehenetsi behar da; izan ere, aukera berdintasuna bermatuko duen hezkuntza sistema bakarra da, ikaslearen egoera sozioekonomikoa edo soziolinguistikoa edozein delarik ere”.

Gehiago