“Hau ez da amaiera, gertakariak modu ofizialean argitu eta sekretu ofizialak desklasifikatu behar dira”

Mikel Zabalza Gogoan ekimenetik balorazio positiboa egiten dute Nafarroako Gobernuak eta 16/2019 Foru Legean oinarrituta sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak "emandako pauso garrantzitsuaz", zeinaren bidez Mikel Zabalza motibazio politikoaren biktima gisa aitortzen baita.

2024-ko apirilak 19

“Mikel Intxaurrondon hil zen, Guardia Zibilaren eskuetan, “zigorgabetasun-testuinguru batean, eta horrek
eragotzi egin zuen gertakarien ikerketa judizial egokia egitea eta errudunak zigortzea, bai eta biktima eta haren duintasuna aitortzea eta erreparatzea ere”. Horrela jasotzen da ebazpenean, eta hori izan da azken hamarkada hauetan bai familiak eta baita herritarren ekimenak mantendu duten errelatoa, orain ofiziala egiten dena. “Hau beste urrats bat da gure bizilagunaren egiarantz, justiziarantz, aintzatespenerantz eta erreparaziorantz, familiarekin batera hainbestetan aldarrikatu duguna”, adierazi dute.

Hala ere, uste dute honek ez duela bidearen amaiera suposatzen. “Beti defendatu izan dugu Zabalza kasuaren bertsio ofiziala ez datorrela bat benetan gertatutakoekin eta atxilotu zituzten pertsonen testigantzetatik jasotakoekin. Estatuak isilarazi, ezkutatu eta saritu egin du egia. Horregatik, puntu
honetara iritsita eta adierazpenarekin koherente izanik, Nafarroako Gobernuari eta hori ere egin duten gainerako erakundeei eskatzen diegu beharrezko neurriak har ditzatela gertakariak modu ofizialean argitzeko eta erantzukizunak argitzeko, hala nola sekretu ofizialak desklasifikatzea edo fiskaltzaren lanaren jarraipena egitea”.

Era berean, espero dute Nafarroan ireki den bideak “aurrera egingo duela Euskal Herrian bizi izan dugun sufrimendu guztiaren, eta bereziki torturaren, errekonozimendua eta erreparazioa eman dadin”.

Gehiago