Hassanna Aali aktibista sahararraren aldeko kontzentrazioa eginen da Iruñean

Bizi osorako espetxe zigorra ezarri dio Marokoko gobernuak, eta Espainiakoak asilo politikoa ukatu dio. Askapenak Iruñean kontzentrazioa deitu du ostegunerako arratsaldeko 20.00tan Udaletxe plazan.

2015-ko urtarrilak 26

Hassannak Gdeim Izikeko protesta baketsuetan parte hartu zuen 2010an, eta honen ondoren epaitua eta 4 hilabeteko kartzela zigorra betetzera kondenatua izan zen. 2011an Euskal Herrira etorri ahal izan zuen ikasketa beka batekin, eta hemen bizi da ordutik. Euskal Herrian zela jakin zuen epaiketa militarra egin behar ziotela Gdeim Izikeko protestak zirela eta berriz ere, eta erabakia hartu zuen Saharara ez bueltatzeko, Euskal Herrian geratzeko eta Gobernu espainolari asilo politikoa eskatzeko.

2013ko otsailean Hassanna bizi osorako espetxe zigorrera kondenatua izan zen beste 24 pertsonarekin batera. Pasa den urtarrilaren 19an jakinarazi zion  Gobernu espainolak asilo politikoa ukatzen ziola, 15 egunetan Estatu espainola uzteko aginduarekin. "Hassannaren delitua Sahararen askatasunaren aldeko borroka baketsua izan da", azpimarratu nahi izan du Askapenak.

Euskal Herrian mobilizazio ugari ari dira antolatzen Hassannarekin elkartasunean eta gobernuari asilo politikoa emateko exijitzeko. Iruñean kontzentrazioa eginen daurtarrilaren 29an 20.00etan udaletxe plazan.

Larunbatean, urtarrilaren 31an, manifestazio nazionala deitu dute hainbat eragilek Bilbon. 17.00tan izanen da Arriagatik abiatuta. Iruñerrian autobus bat ari da antolatzen eta izena emateko irunea.askapena@gmail.com helbidera idatzi behar da edo osteguneko kontzentrazioan apuntatu. 14.30tan aterako da Tres Reyesetik eta 10 euro balio ditu.

Gehiago