Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko manifestaziora deitu du LABek maiatzaren 16an
Hezkuntza arloko langileen artean, aste gutxiren buruan, ia 2.000 atxikimendu bildu ditu “Nafarroako hezkuntzak okerrera egitearen erantzule nagusia” Gimeno dela eta horregatik “kargugabetu egin behar dela” adierazten duen manifestuak.
2026-ko maiatzak 4
Iruñeko Gazteluko Plazan egindako agerraldi batean, sindikatu abertzaleak gogoratu du 2025eko ekainean ekin ziola kanpaina bati Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak bere ardurapeko alor guztietan egiten ari den “kudeaketa negargarria” azaleratzeko. LABen ustez, egoera hobetu beharrean “okerrera egin du”. Sindikatuak gogora ekarri nahi izan du “gobernu guztietatik protesta, mobilizazio eta greba gehien egin dizkioten kontseilaria” bihurtu dela Gimeno, arrazoi ezberdinengatik. Hala ere, azken hilabeteetan areagotu egin da bere aurkako mugimendua, bai Lanbide Heziketan “dualaren antolamendu gabezia erabatekoaz harro agertu” delako, pribatizazio eta murrizketak egin dituelako, D ereduaren hedapena “kosta ahala kosta oztopatzen jarraitzen” duelako edo ikastoletako eta ikastetxe itunduetako irakasleekin izandako tira-birak direlako. 0-3 zikloaren publifikazioaren eskarian urratsak eman ez izana ere salatu dute.
Hezkuntza-komunitate osoaren haserrea inoizko mailarik gorenean dagoela ziurtatzen du LABek, eta horregatik eskatzen du kontseilaria kargutik kentzea. Bi hilabetetan hezkuntza arloan lan egiten duten 1.856 langilek sinatu dute sindikatu honek zabaldu duen manifestua, non dimisioaren eskaria jasotzen den.
Orain, haserrea kalera eramateko apustua egiten du LABek, eta datorren maiatzaren 16rako manifestazioan parte hartzeko deia egin du. “Kalitatezko hezkuntzaren alde, Gimeno kanpora!” lelopean, mobilizazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Iruñeko Basotxotik eta Diputazio Jauregian bukatuko da. “Mobilizazio hori nafar jendarteak nahieran dabilen kontseilari harroputz eta autoritarioarekiko sentitzen duen haserrearen eta gogaitasunaren bozgorailu ahalik eta indartsuena izatea nahi dugu. Ezin du Nafarroako hezkuntzaren arduradun nagusia izaten jarraitu!”, dio LABek.

