Gazte Burutakzio Topaketak egingo dira apirilaren 17tik 20ra

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak prestaturik, "sistema kapitalista patriarkalaren kontra aritzeko bitartekoak eskaintzeko" helburua dute topaketa hauek.

2014-ko martxoak 7

Apirilaren 17tik 20ra bitarte, oraindikan ezaguna ez den Euskal Herriko txoko batean, "Burutakzio topaketak" ospatuko dira. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek "sistema kapitalista patriarkalaren kontra aritzeko bitartekoak eskaintzera datorren ekimena da.

Gate antolakunde hauen hitzetan "gazteok gure egunerokotasunean gu geu izateko aukera nola ukatzen zaigun ikusten dugu, gazte, aske eta burujabe izateko aukera, eta zapalkuntza horren aurrean ezinbestekoa zaigu ahalduntzea".

Nola egin aurre sistemari da topaketa hauen mamia laburbiltzen duen galdera, izan ere, borroka praktiken inguruko formazio teoriko zein praktikoa jasotzeko aukera izango da hiru egunetan zehar.

Eztabaida horri heltzeko, hainbat taller eta hitzaldiak antolatu dira. Hasteko, desobedientziaren inguruan arituko dira. "Sistemak lege injustuen bidez lotzen gaitu, eta berauek gainditzea ezinbestekoa zaigu askatasunaren alde gauden gazte guztiontzat". Desnormalizazio tailerra izenekoa eguneroko patxada nola apurtu eztabaidatzeko balioko du. "Komunikazio Gerrila" izeneko atalean  "ohiko komunikazio sistemak eta ohiko gramatika kulturaletatik askatu eta irudimenezko molde berriak asmatzeko" antolatu dute.  "Sormen tailerra" izenekoak pertsona oro sortzaile direla aldarrikatzeko eta barruan gordeta dagoen irudimena sorkuntza bilakatzeko aukera emango du.  "Kanpo Proiekzioa" izena duen atalak gazteengana iristeko asmatu dute. Eta bukatzeko,
"Taldeen Mikropolitika" atalean, "sistemari aurre egiteko" antolatzen diren kolektiboetan "ideologia dominatzailearen" erreproduktoreak ez bihurtzeko azalduko da, militantzia "eredu integral eta askatzaileak" garatzeko.

Gazte Burutakzioan topaketa hauetan eskaintza kultural zabala izango da ere.

 

Sarrerak laister salgai
Topaketen sarrerak hurrengo astetik aurrera jarriko dira salgai herrietako ohiko tokietan. Sarrera bakoitza 20 eurotan eskuratu ahal izango da eta honen barruan sartuko dira hiru gosari, bazkari bi, lotarako lekua, dutxatzeko aukera eta udaberriko ekimenaz gozatzeko aukera. Afaria zein edaria eskainiko duten txosnak ere egongo dira.
Topaketen gaineko informazio zehatza eskainiko dute www.burutakzio.cc-n. Bertan jakinaraziko dute epe laburrean topaketetako egitaraua eta baita zein tokitan izango den ere.

Gehiago