Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak azaroan izanen dira

Mugimendu feministak hurrengo jardunaldi feministak aurkeztu ditu larunbatean, Durangon (Bizkaia) egindako agerraldian. Azarorako jarri dute data, eta aurrera begirako estrategiak lantzea izango dute jardunaldiek helburu.

2019-ko maiatzak 13

“Lehengaiak baditugulako, salda badago. Mugimendua garelako, bizitza bizigarri egitera gatozelako, iraultzan garelako, indarkeriei eta zapalkuntzei planto egin diegulako. Feminismoan gara eta mugimendu feministan gaude, eta bai, badago zer edan. Bor-borka ari da aspaldian, eta gainezka egingo du azaroan”. Hitz horiekin aurkeztu zituen mugimendu feministak ‘Salda Badago’ lemapean burutuko diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Larunbatean Durangon egindako aurkezpen ekitaldi horri herriz herri egingo den aurkezpenek emango diete segida, helburua jardunaldietan ahalik eta kide gehien biltzea baita. Beren hitzetan, “Kolektibo feminista guztiei jardunaldien eraikuntzan modu aktiboan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diegu (…) Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoko kideak bilduko gara jardunaldietan eztabaidatu, erabakiak hartu eta elkarrekin trebatzeko”.

Azaroaren 1, 2 eta 3an egingo dira jardunaldiak, Durangon bertan, aurrera begirako estrategiak adostea helburu nagusi. Tailerra, mahainguruak zein hitzaldiak egingo dira, gaika egituratuko direnak. Bost ardatzen bueltan biratuko du egitarauak: Mugimendu feministaren aurrera begirako estrategien inguruko hausnarketa; bizitzak erdigunera eramateko agenda adostea; indarkeriarik gabeko bizitzen eraikuntza; gorputzak, burujabetzak eta dekolonialitateak; eta sexualitateak. Lanerako prest agertu da mugimendua: “Mugimendua gara, antolatuta gaude, saldan bagaude. Badakigu zer den amorruz irakitea, eta baita salda beroz elkar-osatzea ere. Badakigu albokoa gozatzen baina baita erasotzailea erretzen ere. Matxismoa, faxismoa, arrazakeria, kapitalismoa, lesbofobia, transfobia… hil eta gero, salda bero!”

Jardunaldien berri ematearekin batera, webgune bat jarri dute martxan: www. saldabadagojardunaldiak.eus. Bertan jarriko dute informazioa eskuragarri, eta ekainaren 7tik aurrera jardunaldietan izena-emateko aukera ere eskainiko dute.

Aurrekariak
Honako jardunaldi hauek badute aurrekaririk. Bosgarren edizioari bide eman diote Euskal Herriko mugimendu feministak 1970eko hamarkadatik egin dituen gainontzeko jardunaldiek. Leioan (Bizkaia) egin ziren lehen, bigarren eta hirugarren edizioak, 1977an, 1984an eta 1994an. IV. Jaudunaldiak, berriz, Portugaleten (Bizkaia) burutu ziren, 2008an. Hamaika urteren ondoren, aurretik egindako bideari jarraiki, badator jardunaldien bosgarren edizioa: “Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara. Hamaika osagai eta mila zaporekoa. Ez dago errezeta bakarra. Orotarikoak gara, anitzak, zahar bezain berriak, handik eta hemendik datozenak, doazenak; eta badakigu nahasita sendotu egiten garela. Ezagunak eta ezezagunak, guztiak ondo etorriak, kikaraz kikara lapikoak gainezka egin arte. Bertan daude belaunaldiz belaunaldi partekatutako beroa, iraultza, borroka. Garai bakoitzak bere beharrak, bere lehentasunak, bere gatza eta bere piperra. Izan ere, sukalde-lanean aspaldi ari gara tokatu zaigun honetarako ere”.

Gehiago