Euskal Herriko neska* gazteak Arbizun elkartu ziren pasa den larunbatean

Harrera ikuskizuna, tailerrak, Lema gidaren aurkezpena, asanblada, bazkaria... elkarrekin hausnartzeko eta "batera ekiteko" hainbat txoko eduki zituzten neska* gazteek Arbizun. Arratsaldean Iruñeako manifestazioarekin bat egin zuten.

2018-ko ekainak 18

Euskal Herriko neska* gazteek “batera ekiteko” aukera izan zuten pasa den larunbatean Arbizun antolatu zituzten topaketetan. Goizeko 10:30ak pasata iritsi ziren neska* feministak herrira. Bertan aurrez izen emandakoek egun honetarako bereziki sorturiko poltsa eta kolektiboki osatu zuten Lema liburuxka eskuratu ahal izan zituzten.

Hamaikak pasata hasi zen harrera ikuskizuna, Iruñerriko hainbat neska* gazteren eskutik. Zirkoa, dantza eta aldarrikapenak uztartuz barre eta dantza eginarazi zieten ikusle guztiei. Martxoaren zortziko manifestazioa irudikatuz amaitu zuten emanaldia, energiaz beterik.

Baina dena ez zen festa izan, eta ondoren udaletxeko zein haur eskolako aretoetan tailerre desberdinetan parte hartzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Aingura, Kuleroak burura eta Iruditegi tailerren bidez kolektibokin eman nahi zituzten hainbat hausnarketa eman ahal izan zituzten ordu eta erdiz, neska* gazte eta feminista izatearen inguruan.

13:15 aldera Arbizuko plazan elkartu ziren berriro denak. Bertan asanblada erraldoia egin zuten, Maialen Akizuk gidatuta eta Bilgune Feministako, Erriberako Neska Gazteen taldeko eta Bilboko Asanblada Prekarioko kide banaren parte hartzearekin. Goiza borobiltzeko eskualdeko gazteek prestaturiko paella bazkaldu ahal izan zuten parte hartzaileek, eta ondoren Iruñeara abiatu ziren, Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora.


Motz baina gehiagorako gogoz

Manifestazioarengatik eguneko egitarau laburtuta motz geratu zitzaien eguna Arbizura gerturatu ziren neska* gazteei, baina aurrera jarraitzeko ilusioz eta gehiagorako gogoz joan ziren Iruñeara. Hemendik aurrera ere aukera asko baitaukate “batera ekiteko”.

Gehiago