“Etxeratze kolektiboak” auzo eta herri ezberdinetako jaietan martxan jarriko ditu Itaiak eraso sexistak saihesteko

Herri eta auzoetako jaietan emakumeek eraso sexistak sufritzeko arriskua handitzen da, eta Itaiak horiek saihesteko “Etxeratze kolektiboak” ekimena martxan jarri du, gauean zehar etxera joan nahi duen orori etxera lagunduta eta seguru joateko aukera eskaintzeko.

2022-ko maiatzak 19

Aurretik adierazi izan dugun bezala, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak martxan jarri ditugu. Behin baino gehiagotan esan bezala, emakume langileok jasaten ditugun indarkeria formak gero eta gehiago dira eta gero eta normalizatuagoak daude, komunikabideek edota sare sozialek sortzen duten testuinguruaren, kultura adierazpen ezberdinen edo biolentzian oinarritutako harreman ereduen eraginez.

Gainera, uda hurbiltzen ari da eta horrekin gure bizimoduan zentralitate handia hartzen duten auzo eta herrietako jaiak. Testuinguru hauetan ikusgarriagoa egiten da emakume langileok bizi dugun babesgabetasuna, bai lanean (txandak egiten, zerbitzatzen edo garraio publikoan, adibidez) bai aisialdian (irainak, ukituak, jarraipenak, eta abar).
Egoera honen aurrean ITAIAtik instituzioek martxan jarritako erremintek hutsune nabarmenak dituztela agerian uzteaz gain, argi utzi nahi dugu ez dutela emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza gainditzeko borondate errealik, askotan haien aurpegi zuriketarako besterik ez baitituzte erabiltzen. Horregatik, urgentziazkoa da emakume langileok gure kabuz antolatzea, bitartekoak sortuz, erasoak saihesteko eta eraso matxistei erantzun eraginkorra eman ahal izateko.

Zentzu horretan, ITAIAk indarkeria matxistari aurre egiten eta gizarte berri baten eraikuntzan ekarpena egiten jarraituko du. Gaur, prozesu honetan martxan jarriko ditugun hainbat tresna aurkeztera gatoz. Iruñerrian, diagnostiko bat eta “Etxeratze kolektiboak” martxan jarri ditugu.

Izan ere, ezinbestekoa ikusten genuen azpiratzen gaituen gizarte kapitalista eta bere zapalkuntzak gainditzeko, hauek betetzen duten funtzioa eta formak aztertzea. Hartara, inkesta bat sortu genuen. Bertan, indarkeria matxistak bereganatzen dituen forma ezberdinei buruz galdetzeaz gain, gizarteak hauekiko bizi dituen esperientzei buruz ere galdetzen da. Astebete pasatxoan 600 erantzun inguru jaso ditugu, baina gure helburua dimentsio zabalagoa izatea da. Inkesta erraza da, Iruñerriko biztanle guztiei zuzendua. [Ikusten genuelako ez dela berdina 23 urte dituen neska batek izandako esperientzia edo 60 urteko emakume batek izandakoa].

Lehen tresna praktiko gisa, Txantreako jaietan lehendabiziko aldiz aurkeztu genituen “Etxeratze kolektiboak” auzo eta herri ezberdinetako jaietan martxan jarriko ditugu.

Egungo jai ereduak sortzen duen testuinguruak, edozein motatako erasoak izateko aukera handitzen du. Honen helburua, joan den asteburuan bizi izan zen egoeraren gisakoak saihestea litzateke; izan ere, emakume batek sexu-eraso bat jasan zuen etxera itzultzen ari zela, doakiola gure babes osoa. Erasoen prebentziorako etxeratze kolektiboen iniziatibak, gauean zehar etxera joan nahi duen orori etxera lagunduta eta seguru joateko aukera eskaintzen dio. Horretarako, ordu eta leku zehatz eta seinalatuetan etxera taldean joateko aukera bermatuko da. Era berean, gure dinamika beren jai-guneetan gauzatu nahi duen pertsona oro gurekin harremanetan jartzera animatzen dugu.

Bukatzeko, nabarmendu beharra dugu, hau guztia emakume langilearen babeserako zein antolakuntzarako baldintzak sortzeko ITAIAk garatu duen lan-ildoetako baten parte baino ez dela. Zentzu horretan, beste esparruetan ere babeserako, borrokarako eta antolakuntzarako baldintzak sortzen jarraituko dugu.

Gehiago