Estatuaren biktimak aitortzeko Legearen eskaerak egiteko prozedura martxan da
Foru agindua sinatu dute, sarri Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ordutik aurrera zabalik izanen da aitortza eskatzeko epea. Egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatzeko mekanismo guztiak biltzen duen Legea dela dio Gobernuak, eta honekin Mikel Zabalza, German Rodriguez, Jose Luis Cano edo Gladys del Estal bezalako biktimak aitortuko direla espero dute.
2023-ko urtarrilak 3
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, foru agindua sinatuta, abian jarri du motibazio politikoko biktima izateko deklarazioaren eskaerak aurkeztu ahal izateko prozedura. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko biktimen erreparaziorako Foru Legearen arabera, eskaerak aurkezteko epea aipatu foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera irekiko da, eta hasiera batean lau urteko eta sei hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira eskaerok. Aditu batzorde batek ebatziko du zein eskaera onartzen den.
“Biktima orok du aitortua eta artatua izateko eskubidea, modu pertsonalizatuan, biktimizazio kausen ekiparaziorik gabe, eta bazterketarik edo esklusiorik gabe”, azaldu zuen atzo Ana Ollo kontseilariak. “Egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatzeko mekanismo guztiak ziurtatu behar dira”, gaineratu zuen.
Urrats honek gerturatu egiten du hainbat hamarkada bazterturik eman dituzten hainbat biktimaren aitortza. Konparaziora, Mikel Zabalza, German Rodriguez, Jose Luis Cano edo Gladys del Estalena.