Errigorak 200.000€ bildu du euskara sustatzeko eta saskiak gaur hasiko dira heltzen Euskal Herriko txoko guztietara

Inoiz baino saski gehiago banatuko dituzte aurten Errigorako kanpainan. Iker Ajuriagerra Errigorako kidea pozik agertu da, euskara sustatzeko ekimenei egindako ekarpenean ere eragina izango duelako.

2019-ko abenduak 6

Errigorari elkarrizketa Naiz Irratian

Amaitu da aurtengo Errigoraren kanpaina, eta pozik daude arduradunak: inoiz baino saski gehiago banatuko dituzte: 14.300, guztira. Igoera egon da eskaerei dagokienez eta, ondorioz, baita ekarpenean ere: 200.000 euro bideratuko dituzte Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeko ekimenetara. Iker Ajuriagerra Errigorako kideak eman ditu xehetasunak Naiz Irratian egindako elkarrizketa honetan.

Hiru saski eskaini dituzte aurten, klasikoa, ekologikoa eta Gabonetako produktuz osatutakoa: «Eskaera gehien izan duena klasikoa izan da, gehien ezagutzen dena ere bada, eta denetarik pixka bat duena: 7.000 saski baino gehiago beltzak izan dira. Ekologikoaren eskaera ere oso ona izan da, lehen aldia izateko, 4.000 inguru. Gabonetako saskiak beste mota bateko eskatzaileak izan ditu, eta 2.000 eskatu dituzte».

Kanpaina honekin, 200.000 euro bideratuko dituzte Nafarroa hegoaldean euskara sustatzen duten proiektuei, Ajuriagerrak azaldu duenez: «Eskaera gehiago jaso ditugunez, ekarpena ere handitu egin da. Eta gainera saski batzuek gehixeago balio zutenez, eta saskiaren %25 denez bideratzen dena diru ekarpen bezala, saski kopuru berarekin, diru gehiago banatuko da. 200.000 bat euro guztira. AEK-rentzat izango da zati bat, Ikastolen Elkarteko hiru ikastolarentzat beste bat, D ereduko ikastetxeentzat beste zati bat, eta, kanpaina hasieran esan bezala, Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleentzat sortu dugun elkarterako, Agerraldia deitzen den elkarterako, ere izango da diru ekarpenaren zati bat».

Dirua jasoko duten eragileak bezala, ekoizleak ere oso pozik daudela aitortu du Ajuriagerrak. Gaur ekingo diote saskiak banatzeari: « Auzolan ariketa bat da Errigora. Banaketa egiteko ere boluntarioen laguntza izaten dugu. Goizeko zortzietatik hasita, ari dira saskiak egiten ekoizleak. Ostiral honetan banatzen hasiko gara eta herrietara bideratzen. Bizkaian abenduaren 14an bukatuko dugu».

Gehiago