Gernikaren herritik, hiru urtez, bakea eta justiziaren alde

Ibon Meñika, Agus Hernan Escudero

Gernika-Palestina deialdi herritarra

2026-ko azaroak 3

«Hau ez da jada gure borroka, gizateria osoaren borroka baizik. Askatasunaren eta zapalkuntzaren arteko borroka unibertsal bihurtu da dagoeneko. Ondo genekien hori, guztiek abandonaturik borrokatzen ginenean. Errealitate odoltsu batek atzeratuenei ere ulertarazi die. Gaur gizakien eta herrien askatasunaren alde borrokatzen da. Totalitarioek ukatutako askatasunaren eta demokraziaren alde.»

Jose Antonio Agirre Lehendakariak 1942an La Habanako Unibertsitatean esandako hitz hauek gure buruak burrunbatzen dituzte gaur. 90 urte bete dira gerra betean lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenetik eta apirilean beste hainbeste urte beteko dira faxistek Gernika bonbardatu zutenetik.

Euskaldunon azalaren memorian grabatuta dago, belaunaldiz belaunaldi, bonbardaketaren izugarrikeria. Eta bizipen horrek eragiten duen konexiotik sortu zen duela hiru urte Gernika-Palestina herri ekimena. 2023ko urriaren 7aren ondoren larriagotu zen egoerak kezkatuta, etor zitekeenaren aurrean altxatu genuen ahotsa. Palestinako genozidioaren aurkako borroka, gizateria osoaren aldeko borroka bai da. Eta ezin ditugu abandonatu.

Izugarria, txalotzekoa izan da hiru urte hauetan euskal jendarteak erakutsi duen elkartasuna. Aurten urriaren 8aren bueltan egin diren mobilizazioak izan dira azken adibidea. Gernika-Palestinak hasieratik eman dio garrantzia ezberdinen arteko artikulazioari, euskal jendarteari basakeriaren aurrean erantzun eta mobilizatzeko aukera eskaintzea izan da gure xedea, 2023ko urriaren 21ean Donostian egin genuen manifestazio jendetsutik abiatuta.

Hiltzeko jaio zen ekimena zen gurea baina Gazan heriotzak eguneroko min izaten segitzen du. Ezin genuen imajinatu orduan noraino ailegatuko zen egoera. Zertarako izango ziren gai. Eta gure txikitik, munduari gure oihu ozena bidali diogu, behin eta berriro Gernikatik, Donostiako Haizeen Orrazitik, Sarasate pasealekutik, Guggenheim eta Antoniuttitik…

Maila mobilizatzaileaz gain, gure txikitik, elkartasuna Gazaraino helarazi dugu; norbanakoen ekarpenen bidez, udalek bideratu duten ekarpenaren bidez zein tokiko ekimen ezberdinen bidez. Gazako genozidioaren aurkako aldarria nonahiko egin dugu zapi solidarioekin. Gure jaietako ikur bilakatu dira.

Eta honela, eremu ezberdinetako eragileen konpromisoak artikulatzen joan gara. Elkartasunak forma ugari har baititzake; Israelekin lotura oro etetea, baina baita Palestinaren aitortzatik eta elkarlan estrategikotik ere. Horren adibide bikaina izan zen 2025eko azaroan Euskal Selekzioaren eta Palestinako Selekzioaren arteko Futbol partida arrakastatsua. Baita, Israel gizateriaren aurka egiten ari den krimenak ez salatzeagatik, EHUk CAF euskal enpresarekin duen hitzarmena ez berritzeko hartu duen erabakia ere.

Euskal Herria palestinarren harrera etxea ere bada. Gernika eta Gaza bat eginda entzun ditugu Sol Bandak eta Eñaut Elorrietan egindako Gernika kantuaren moldaketan. Bihotza uzkurtu digute. Eta izugarrikeriaren soinu banda bilakatu da Euskal Herrian. Palestinatik ihesi geurera etorri diren familiak entzun ditugu eta haien minak geure egin. Horren guztiaren emaitza da sortzen lagundu dugun “Palestina Gara” elkartea.

Zoritxarrez, Gaza inflexio-puntua izan da, gerora okertu baizik egin ez den nazioarteko egoeraren mugarria. Netanyahuk eta Trumpek, nazioarteko legeriaren urraketa eguneroko politika bilakatu dute, nazioarteko ordena bera hankaz gora botaz. Palestinan inpunitatea gailendu da, eta Libanon eta Iranen egindako erasoei bidea ireki die, besteak beste.

Norabide horretan, lehengo apirilean, Donostian “Genozidiorik ez, gerrarik ez” aldarria zabaldu genuen. Israel eta AEBn inpunitatea gelditu beharra dago, eta nazioarteko justiziak bere bidea egin behar du. Harreman ekonomiko, komertzial eta politikoek ezin dute normaltasunez jarraitu, ezta kultura edo kirol arlokoek ere.

Gerraren eta genozidioaren ondorioak ez dira urruneko kontua. Gure jendartean eta lurraldeetan ere badute eragina, ongi ikusten ari garenez. Horregatik, argi diogu: ez dugu gerrarik eta genozidiorik onartzen. Elkarrizketa, negoziazioa eta konponbide politikoak dira bide bakarra. Herri guztien bakea eta autodeterminaziorako eskubidea defendatzen dugu.

Agirre Lehendakariaren hitzak berreskuratuz, errealitate odoltsu batek ulertarazi digu denoi, gaur gizakien eta herrien askatasunaren alde borrokatzea dagokigula. Totalitarioek ukatutako askatasunaren eta demokraziaren alde. Ezin dugu etsipenean erori eta ezin dugu isilik geratu. Gernikaren herria, errautsetatik ernaldutako lorea baita.

Gehiago