Ernaik dio kartzelaratzekin ez dutela euskal gazteria geldituko

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren atxiloketak eta kartzelaratzeak salatzeko agerraldia egin du Ernai-k. Honekin, Zelaia eta Barbado gazteen kasuagatik abiarazitako dinamikari amaiera eman dio gazte antolakundeak.

2023-ko urriak 4

Dinamika horren azken lau urteetako ibilbidea baloratu dute, eta euskal gazteriak «kaleak hartzen» jarraituko duela iragarri. Azaldu dute gazteak ez ezik «herri oso bat zutitu eta mobilizatu» dela Zelaia eta Barbado espetxeratzearen aurka, eta borrokaren eta antolakuntzaren «erregaia», hain zuzen, «kolektiboa» izan dela.

«Harro» agertu dira egindako guztiaz, baina gaur amaiera eman diote duela bost urte hasitako bideari. Auziak lekua hartu du memoria kolektiboan, haien ustez: «Auzi honek antolakunde gisa markatu du Ernai». Eskerrak eman dizkiete urteotan ekarpenak egin dituzten gazte guztiei; eta aitortza berezia egin diote Ankerkeriari Stop plataformako kideei, egin duten lan «nekaezinagatik».

«Amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna» azpimarratu du erakundeak: «Amorruz kalera atera eta ondoan ehunka gazte ikustean, herri honen alde lan egiten jarraitzeko anbizio bihurtu zen amorrua. Euskal Herria askatzeko anbizioa».

Hurrengo hilabeteetan «erronka berriei» helduko dietela azaldu dute, eta urriaren 13tik 15era «utopiak lehertuko» dituztela. Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorraren «lehen lerroa» hartuko dutela diote, aurrerantzean ere Euskal Herria «eraikitzen» jarduteko. Frogatu nahi dute gaitasun nahikoa dutela Euskal Herriak aurkitu ditzakeen erronkei aurre egiteko, baina argi dute horretarako gazteria antolatu behar dela, hau da, geroz eta gehiago izan behar dutela «zapalkuntzarik gabeko» Euskal Herriaren alde borrokatu nahi duten gazteak.

Gehiago