Elizondon topaketatik herrietara: orain da unea Euskal Herria feminista eraikitzen hasteko

Euskal Herriko 600 neska* gazte inguru elkartu egin dira Elizondon asteburu honetan. Bertan, krisi anizkoitzari nola erantzun behar dioten hausnartu dute. Bi eguneko egitaraua garatu dute eta datorren ziklo politikorako erronkak zehaztu dituzte “Mugimenduan gaude, lurrikara gara” lelopean.

2021-ko urriak 11

Azken urteotan Neska* gazte taldeak loratzen ari dira Euskal Herrian zehar. “Hamaika herritan sortu dira Neska* gazte talde berriak, hamaika herritan zapaltzen gaituen sistema honi aurre egiteko, antolatzeko eta saretzeko gai izan gara. Kuantitatiboki gehiago izateaz gain, kualitatiboki ere izugarrizko jauzia egin dugu, hala nola gure subjektua Neska* gazte bezala izendatu dugu, Neska* eta gazte izateak errealitate zehatz baten aurrean kokatzen
gaituela ulertuz, baita hauei aurre egiteko borroka molde konkretuak sortuz ere”.

Mundu mailako pandemia baten pean, inoiz baino ageriagoa gelditu da mugimendu feminista duela urte asko esaten ari zena, gazte hauen iritzian: “bizi garen sistema sostengaezina da. Azken bi urteetan argi ikusi dugu sistema honetan bizitzak baino, kapitalaren interesak daudela zentroan eta eredu horrek bizitza bera erasotzen duela. Horregatik diogu hau ez dela osasun krisia, krisi sistemikoa baizik”.

Bestetik, gazteen prekarietatea areagotu egin dela salatu dute, eta herri mugimenduentzat antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea zaildu dela ere azpimarratu dute. “Orain, indar guzti hori berpizteko unea heldu da. Aurretik esan dugun bezala, “mugimenduan gaude, lurrikara gara” eta geldi ezina den mugimendua da gurea, asteburu honetan egindako lanketarekin eztanda egingo duena”, iragartzen dute.

“Esan bezala, garai konplexuak datoz eta bi etorkizun posibleren artean gaude: neoliberalismo basatiaren beste aurrera pausu bat edo krisi momentu hau palanka bezala erabiltzea eredu aldaketa baterantz. Neska* gazteok badakigu zeren alde egin, eta horretarako, zurrunbilo honen erdian erresistentzia izango gara”, esan dute.

Orain, herrietan dute benetako lana. “Antolaketaren fruituak dira aurrean dituzuenak, hau dena egiteko gai izan gara eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu, kontzientziak astintzen, antolatzen eta kaleak hartzen. Euskal Herria feminista bat dugulako helburu eta abestiak dioen moduan: jarrai dezagun elkarrekin lanean, topa egingo dugu garaipenean”.

Gehiago