ELAk salatu duenez, Iruñako Udal berrian Berdintasun Atalak garrantzia galdu du
Alkate berriaren (Navarra+) lehendabiziko neurria neurri murriztailea izan da oso beharrezkoa den atal batean, ikusi bertzerik ez dago "La Manada" judizioaren arestiko berrazterketa.
2019-ko ekainak 25
ELAk jendaurrean salatu du Enrique Maya Iruñako alkate berriaren lehen erabakietako bat, Berdintasun Atala Kultura Atalarekin bat egitearena. Gainera, Navarra+ko udal-gobernu berriak Hizkuntza Politikaren Atala kendu du, euskararen erabileraren aurkako neurritzat har daitekeena. Erabaki horiek biak atzerapauso handi bat izan dira hain beharrezkoak diren ataletan; batean euskararen ordenantza onetsi berri delako, eta bertzean, berdintasunaren arloan, “La Manada” judizioaren epaia berraztertu ondoko testuingurua oso kontuzkoa delako.
Izan ere, mota horretako sexu-eraso bat Auzitegi Goreneraino iritsi behar izatea, abusuaren hasierako kalifikazioa zuzentzeko, argiro erakusten digu zein punturaino den beharrezkoa berdintasunaren atala. Alkate berriak, ordea, atal horretan teknika berriak sartzea geldiarazi ditu. Hori dela-eta, ELAk neurria salatu du, berdintasun-politiken aurka doalakoan.