Eguesibarren gogoan izan dituzte matxismoak eraildako emakume guztiak kandelak piztuz
Kandelak piztu dituzte Eguesibarren 2020an matxismoak Estatu espainolean hil dituen emakumeak gogoratzeko. "Patriarkatuak ematen dizkigun "kolpe" guztiak" salatzeko konpromesuan berretsi dira. Bestealdetik, Orkoienen abenduaren 24an herri horretan izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute.
2020-ko abenduak 30
2020an 83 feminizidio eta erailketa izan dira Estatu espainolean, “askok isilarazi nahi duten arazo baten tamaina agerian uzten duten zifrak”, Eguesibarko mugimendu feministak gogoratu duenez.
“Zifra horien atzean bizitza moztuak daude, eta datuek diote ez dagoela aurrerapausorik feminismoaren aldarrikapen nagusian: indarkeria matxistaren aurkako borrokan”, diote feministek.
Eguesibarko Feministak egun hauek baliatu nahi izan ditu genero-indarkeriaren biktima guztiak gogoratzeko eta matxismoak hiltzen jarraitzen duela salatzeko. “Egun hauek biltzeko eta ospatzeko egunak dira, baina, era berean, hutsuneak pisu berezia dute. Eguberri hauetan badaude mahaian eseriko ez direnak eta zoritxarrez, euren erasotzailearekin ospakizunak partekatu beharko dituztenak ere. Ez dauden guztiengatik eta ez egoteko beldur diren guztiengatik: Oihuka jarraituko dugu”.
“Ez diogu utziko Patriarkatuak ematen dizkigun “kolpe” guztiak salatzeari”, adierazi dute. Hilketa matxistak dira indarkeria matxistaren adierazpenik larriena “baina badira beste ekintza asko, baita egunerokoak ere, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna agerian uzten dutenak”, eta horiek ere salatzeko beharra azpimarratu nahi izan dute. “Indarkeria horiei guztiei aurre egitea hurrengo belaunaldiekin dugun konpromisoa da, horretarako deserosoak izan behar badugu ere. Feminismotik eraikitzeko edozein desberdintasun-zeinu desagertu arte. Bitartean, gure borrokak aurrera jarraitzen du: haiengatik, gugatik, guztiengatik”.