Dozenaka lagun Korellan elkarretaratu dira pasa den asteko istripu hilgarria gogor salatzeko
Pasa den astean Korellan lan istripuan hil ziren bi langileen heriotzak salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur sindikatuek. Atzo bertan beste nafar langile bat hil zen Hueskan. Dagoeneko, aurten 9 lagun hil dira Nafarroan lan istripuetan.
2018-ko abuztuak 1
ELA, LAB, Steilas, EHNE, ESK, Hiru eta CGTk sindikatuek deituta, dozenaka lagun bildu dira gaur Korellako udaletxearen aurrean pasa den asteko gertaturiko istripu hilgarria salatzeko. “zpikontratazioaren aurkako neurri publikoak exijitu zituzten, ahalik eta epe laburrenean, “zabaltzen ari den azpikontratazioari muga jartzeko” asmoarekin. “Azpikontratazioak prekarietatea eta lan-arrisku handiagoa besterik ez dakar, soldaten kosteak aurreztearen truke. Lan egoera horretan zeuden uztailaren 27an, pasa den ostiralean, Korellan hil ziren bi langile: 35 urteko eta Ablitasen bizi zen R.C.G, eta 54 urteko eta Murchanten bizi zen L.G.F. Biak hil ziren Nafarroako Gobernuaren enpresa publiko batentzako lanak egiten (Nilsa), nahiz eta euren lan kontratuak Socamex eta Lacunza Construcciones enpresenak izan”, salatu dute sindikatuek.
Gainera, atzo Zintruenigoko beste langile bat, 44 urteko P.M.A., hil zen garraiolari lanetan, bere kamioia Fragan (Huesca) autopistatik irten zelarik. Honekin, bederatzi langile hil dira Nafarroan.