Burlatako Gaztetxearen alde bi pertsona kateatu dira Udaletxean

2025-ko martxoak 17

Arg. Gedar

Burlatako Gazte Asanbladako bi kideak Burlatako Udaletxean lotu dute haien burua gaur goizean salatzeko “Gaztetxea berehalako desalojo arriskuan dagoela Burlatako Udalak ez duelako borondaterik akordio batera iristeko”. “Desalojoari aurre egin, Burlatako Gaztetxea defendatu!” zioen pankarta handi bat zintzilikatu dute.

Burlatako Gaztetxea Arga ibaiaren ertzean dago kokatuta, udal jabetzakoa den eraikin batean. Nogalera 2025 udal proiektuaren obren ondorioz, hemendik gutxira botako dute eraikina.

Burlatako Gazte Asanbladaren esanetan, “hasieratik egon dira prest proiektua ez oztopatzeko, baina urtebete daramate ezezkoak jasotzen nahiz eta hamaika alternatiba proposatu dituzten, eta baldintza ezberdinetara moldatzeko borondatea erakutsi duten”. Udal gobernua Zurekin- aldatuz, Geroa Bai eta EHBildu alderdiek osatzen dute, eta alkatetza azken horrena da.

Asanbladak baieztetzen du “udala prest egon dela Asanbadako kideekin elkartzeko, baina ez duela inolako borondaterik erakutsi Burlatako gazte ugariren partaidetza biltzen duen proiektuaren beharrak asetzeko bideak bilatzeko”.

Udalak eraikina martxoaren 15ean husteko eta Gaztetxearen giltzak entregatzeko eskatu zuen. Gazte Asanbladak, ordea, iragarri zuen “ez zuela espaziotik alde egingo ez bazegoen Gaztetxearen proiektuarekin aurrera egiteko gutxieneko bermerik”. Horregatik, Asanbladak “akordio batera iristeko azken saiakera” egin zuela adierazi du, eta Udalaren erantzunaren zain daude.

Burlatako Gazte Asanbladak salatu du “Udalak ez duela borondaterik erakutsi”, eta gazteek eraikina husteko aginduari uko egiteko hautua hartu dute. Hortaz, goizeko ekintzaren bitartez “egoeraren berri eman eta Gaztetxearen alde indarrak batzeko deia egin dute”.

Gehiago