Bilgune Feministak 20 urte bete ditu eta bere sarea indartuko du “paradisuak erretzen” jarraitzeko
2002an sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista antolakunde feminista nazional baten beharra zegoela iritzita. 20 urteko ibilbide hau ospatzeko ekainaren 11 eta 12an Topagune Feminista antolatu dute.
2022-ko urtarrilak 25
2001ean Leitzan egindako Emakume Abertzaleon Topaketa Feministetan, antolakunde feminista nazional baten beharra zegoela ondorioztatu zuten bildutakoek, eta 2002ko apirilean sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista.
Hogei urte pasa dira eta oraindik ere antolakunde horren beharra dagoela pentsatzen dute Bilguneko feministek, nahiz eta egoera aldatu den. “Hogei urte egingo ditugu paradisuak erretzen. Paradisu fiskala, familiarra, paradisu kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, konfliktoan jarri, deserosoak izan. Eztanda egin arte”.
Hogei urtean errealitatea aldatu den heinean aldatu da Bilgune Feminista ere. “Kolektiboan diskurtsoak eta praktikak sortzeko prozesu etengabean bizi gara”, dio Bilgunek, eta egunero sortzen diren errealitate berriei so egin diete BFko kideek. “Ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen; ulertu dugu emakumeak, euskaldunak, langileak, bollerak, transak, migratuak, gazteak, adindunak bizi garela herri txiki honetan. Horregatik, erantzun eta egitura zurrunetatik aldenduta, formula amaigabeen bila jarri gara”.
Bilgune Feministak egindako diskurtsoak Euskal Herriko politikan izan duen eraginaz harro agertu dira feministak. “Gatazkaren konponbide feminista mahai gaineratu dugu, subjektu politikoen eztabaida biluztu genuen, lidergotza feminista kolektiboa josten gabiltza, gure begiradaz beste bat eginez pribilegio zurien ardura hartzeko konpromisoan berresten gara, krisi anizkoitzaren erdian, zaintzen sistema dardaratzen ari gara. Euskal Herriaren burujabetza feminista ipar, paradisuak erretzen jarraituko dugu, denak eztanda egin arte!”.
Hogei urtetako ibilbidea ospatzeko datozen hilabeteetan herrietan, plazetan, txokoetan eta gaztetxeetan batuko dira. Bilgune Feministaren sarea indartzeko asmoarekin eta Euskal Herri burujabe eta feminista eraikitzera bidean, ekainaren 11 eta 12an zehaztu gabeko lekuan Topagune Feminista egingo da.