“Bigarren abisua”, Marianitoz Blai taldekoen lan berria

Bigarren disko honek bat egiten du talde nafarraren 10. urteurrenarekin, eta "Mex&roll" estiloan sakontzen dute albumak dituen 11 abestietan.

2019-ko uztailak 23

Marianitoz Blai talde nafarra bueltan da bere bigarren estudioko lanarekin. “Bigarren abisua” du izena eta gai anitzak jorratzen dituzten 11 kantaz osaturik dago. Genero desoreken inguruko autokritika, euskal preso eta iheslari politikoekiko atxikimendua, Xabierraldien bestelako interpretazioa, herri mugimendu eta autogestioari gorazarrea edota Mikel Zabaltzaren auzia eta torturaren inguruko salaketa dira XXI. mendeko bardo hauen abesti berrietan aurki daitezkeen gaiak, besteak beste.

Mikel Zabalza auzia eta torturaren salaketa jorratzen duen “Lore bat, beste bat” abestiak



Diska Iruñeko “Sound of sirens” estudioetan grabatua, nahastua eta masterizatua izan da, Julen Urzaizen eskutik, 2019ko apirila, maiatza eta ekaina bitartean. Lana borobiltzeko, lagunez inguratu da Marianitoz Blai taldea, gitarrekin zein koroekin beharrezko bultzada emateko.

CDa hainbat tabernetan eskuratu ahalko da formatu fisikoan eta internet bidez ere Youtuben dago entzungai.

Diska honen irteerak taldearen 10. urteurrenarekin egin du bat. “Mex&roll” estilo propioan esploratzen eta Euskal Herriko herrietan barna jotzen gelditu gabe pasatu diren 10 urte izan dira eta taldea konztertuz kontzertu eginen duen ospakizunerako prest dago.

Udan zehar hainbat tokitan ikusteko aukera egonen da, hala nola, Amurrion (abuztuak 10), Berriozarren (abuztuak 30), Antsoainen (irailak 13) eta Oñatin (urriak 5).

Gehiago