“Batu indarrak, urrutira goaz!” lelopean Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak izanen dira Bilbon
“Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!”, izanen da Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketen leloa, Euskal Herrian ospatuko direnak urriaren 22tik 28ra bitartean. Aste osoan zehar, 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok hartuko dute parte, herrialdeetako ordezkariak batzuk, eta antolakunde aliatuak besteak.
2018-ko maiatzak 15
2016an, Mozambiken, Euskal Herriko mugimendu feministari egin zitzaion Nazioarteko Topaketa hemen egiteko proposamena. Izan ere, Euskal Herriko mugimendu feministak duen indarra da Topaketak hemen egitearen arrazoi nagusia. Horrez gain, munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa konsideratzen da Euskal Herria, “badakigulako zenbait herritan nolako jazarpena bizi duten bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek… Hemen, baditugu espazio seguru bat sortzeko baldintzak, eta horretan saiatuko gara”, adierazi dute antolatzaileek.
Nazioarteko Topaketa hauetan herrialdeetako delegatuek eta antolakunde aliatuetako ordezkariak Bilboko Bizkaia Aretoan bilduko dira. Alde batetik, testuinguru orokorraren eta honek emakumeengan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute. Eta bestetik, V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote. Azken Nazioarteko Ekintza 2015ean egin zen, Karabana Feminista, eta hemendik bi urtera, 2020an izango da hurrengoa.
Nazioarteko Topaketen aukera baliatuta, Euskal Herrian egun propioa antolatzeari ekin diote: Feministon Herria. Urriaren 27an, larunbata, espazio ireki bat sortuko dute Bilboko Areatzan. “Feministon Herria alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua izango da. Euskal Herriko eragile eta talde feministak euren herri eta hirietan etengabe ari baitira alternatibak eraikitzen, Emakumeon Mundu Martxaren lau ekintza eremuetan: Sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudeaketa.
Emakumeon Mundu Martxaren plataforma osatzen duten sentsibilitate eta gorputz anitzak ikustarazteko espazioa izango da Feministon Herria: lesbianak, migranteak, aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume baserritarrak, neska gazteak eta ertzetan daudenak, beste askoren artean. Aldi berean, Topaketan parte hartzera etorriko diren herrialdeetako ordezkariak eta Euskal Herriko mugimendu feminista elkartuko dituen leku bat sortu nahi dute, esperientziak elkartrukatzeko.
Erailketa sexisten kontrako protokoloa
Erailketa sexisten kontrako protokoloa indartzeko eztabaida prozesu bat jarri dute martxan ere, eta horren inguruko informazioa zabaldu dute gaurkoan. Kolektibo anitzengana heltzeko protokoloaren askotariko euskarriak sortzen ari dira, asanblada irekiak egin dituzte, eta gorputzen eta lurraldeen burujabetzaren inguruko formazio saioak egingo dituzte. Gainera, Topaketarako motorrak berotzen joateko irekia izango den formazio jardunaldi bat egingo dute irailaren 28 eta 29an Iruñean.