Barañaingo herri mugimenduak mobilizazio bat deitu du ekainaren 17an eraso sexistarik gabeko jaien alde

Ekainaren 17an, arratsaldeko 19tan Barañaingo Udal plazatik abiatuko da "Jaiak aske gozamenez bete, por unas fiestas sin agresiones" lelopean deitutako manifestazioa.

2016-ko ekainak 16

Eraso sexistarik gabeko jai eredu baten alde, mobilizazio jendetsuan parte hartzera deitu dute herriko 20 eragile baino gehiagok. Ekainaren 17an, arratsaldeko 19tan Barañaingo Udal plazatik abiatuko da “Jaiak aske gozamenez bete, por unas fiestas sin agresiones” lelopean deitutako manifestazioa.

Mobilizaziorako deialdi bateratua egin dute Hagin Barañaingo Talde Feminista, Barañaingo Jai Batzordea, Barañaingo Gazte Asanblada, Barañaingo Ikasle Abertzaleak, Barañaingo Ernai, Alaitzeko Apyma Mugarri, Barabatu, Barañain Errefuxiatuekin, Barañaingo euskal kantak, Barañaingo AHT, Barañaingo Bertso Eskola, Barañaingo PAH, Plataforma Social, Amigos de la huerta, Escuela social de base, Harizti, Hegoak, Karmele gogoan, Presoak etxera, Trikitilariak, Vocalía de la Mujer eta Momotxorroak.

Hagin talde feministatik adierazi bezala «Erasoak jai esparrura mugatzen ez diren arren, egia da testuinguru horretan egunerokoan gertatzen diren erasoak areagotu egiten direla» eta horregatik «guztion ardura da beste jendarte eredu baten alde egitea, indarkeria sexista errefusatzea eta emakumeok jasaten ditugun erasoei erantzun bat ematea» gaineratu dute.

Honekin batera, Barañainen horrelako jarrerarik onartuko ez dela argi uztea da hilabete hauetan garatutako erasoen aurreko protokoloaren helburua. Horregatik, garrantzitsutzat jo dute mobilizazio sozialaren bidez ere gai honekiko ardura eta jarrera irmoa adieraztea.

Gehiago