Azken erailketa matxista salatzeko mobilizazioak eginen dituzte Euskal Herriko hiriburuetan

Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatu nahi izan dute Baionako erailketa eta azaroaren 7an eta 8ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dute. Iruñean ostiralean arratsaldeko 20etan aterako dira kalera.

2019-ko azaroak 6

Beste erailketa matxista bat gertatu da asteburu honetan, laugarrena dugu aurten Euskal Herrian: gogoan zaituztegu!!! 53 urteko emakumea erail berri du bere bikotekideak Baionan (Lapurdi). Gizonak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, baina horrek ez du ekidin erailketa berri hau.
Hauteskunde kanpainan indarkeria matxista bera ukatzen dituzten diskurtsoak entzun behar izaten ari gara, baita arazoa xenofobiaz mozorrotzen duten diskurtso faxistak ere. Baina non daude emakumeok pairatzen ditugun biolentziei aurre egiteko politika integralak eta babes neurriak? Indarkeria matxistaren muinera ez doan jendarte honetan, geroz eta ugariagoak dira zigorrean, segurtasun polizialean eta beldurrean sakontzen duten jarrerak. Euskal Herriko Mundu Martxan ozen diogu: justizia patriarkalak, kontrolaren eta xenofobiaren politikek aurrean izango gaituzte!
Durangon ospatu ditugun V. jardunaldi feministetan azaleratu dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren aurkako borrokan izan duen lidergotza. Azken hamarkadetan jendarteratu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez duela mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen botere harremanak betikotzeko tresna. Modu berean, indarkeria matxista bestelako biolentzia batzuekin elkarlotzen dela agerian utzi dugu, arrazismoa edo klasea, kasu.
Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak, hainbat hedabideek aditzera ematen duten moduan. Gure kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman birproduzitzen den matxismoak hiltzen gaitu. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Dena esanda dago, hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da.
Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Baionako erailketa eta azaroaren 7an eta 8ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera, elkar babes eta autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!

Gehiago