Aurtengo Hatortxu Rock jaialdia interneten bidez jarraitu ahal izanen da

Osasun krisi larriaren eraginez, ezinezkoa da ohiko elkartasun jaialdia antolatzea. Baina HTXko antolatzaileek lanean ari dira aurtengo edizioa egin ahal izateko. Streaming bidez jarraitu beharko da HTX 24. edizioa. Laster informazio zabalagoa eskainiko dutela iragarri dute.

2020-ko urriak 29

21 urte milaka lagun elkartzen dituen jaialdiak antolatzen ibili direnak, aurten ez zuten huts egin nahi eta planteamendu berri bat egin behar izan dute bizi dugun egoera berezi honetara moldatuz. Izan ere, pandemiak gehien jipoitutako sektoreetako bi dira HTXn protagonista: presoak eta kultura. Beraz,  abenduaren 26an Hatortxu Rocken 24. edizioa antolatuko dute. Bakoitzak bere etxetik gozatu beharko duen jaialdia izango da aurtengoa. Baina hori da aldatuko den gauza bakarra. Eskaintza oso berezia izango da taula gainean, soilik Hatortxu Rock honetan gozatu ahal izango diren izen, abesti eta ikuskizun ezberdinekin.

Musika izango da protagonista, baina baita kulturaren beste esparruetako erakusleak ere izanen dira gurean. Modu honetan, hainbeste urtetan HTXn izan diren musikari guzti horiei haien ahalegina itzuli nahi diete egoera zail honetan, benetan zerbait berezia taularatuz.

Hatortxu Rock 1999an jaiotako musika jaialdia da. Bi helbururekin sortu zen orduan; euskal errepresaliatu politikoen egoera salatzeko bozgorailu gisa eta dispertsio politikak presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomiko ikaragarriak samurtzeko. Koronabirusak espetxe barruan ere bizitza zaildu egin duela gogoratu nahi izan dute aurtengoan, eta zer esanik ez, senideekiko kontaktua. “Oraindik 221 euskal herritar daude espainiar zein frantziar Estatuetako espetxeetan. Azken hilabeteetan keinuak ikusi eta hainbat etxetik gertuago baldin badaude ere, asko eta asko dira oraindik ehunka eta milaka kilometro egin behar dituztenak haien senide edo gertukoak ikusteko. Eta, beraz, beti esan dugun bezala, denak etxean izan arte lanean segi behar dugu”, adierazi dute HTXko antolatzaileek.

Egungo osasun krisiaren aitzakiapean murriztu egin dira aurrez-aurreko bisitak eta ez dira gutxi bidaia luzeak egin ostean bisita egiteko aukerarik gabe geratu direnak. “Beraz, lanean segi behar dugu. Eta “inoiz baino gehiago” segi ere. Astebururo 1.000 kilometro egiteak suposatzen duten gastuek hor jarraitzen dute eta, aldiz, diru-sarrerak, gehienak herri mugimenduak antolatutako ekimenetatik zetozenak, eten egin dira pandemiak ekimen guzti horiek bertan behera utzi eta gero. Hatortxu Rock inoiz baino beharrezkoagoa da”, azpimarratu dute.

Datozen egunetan emango dute jaialdiaren inguruko argibide eta berri gehiago. Eta laster izango da sarrera eskuratzeko parada.

Gehiago