Askapenak 2019ko brigadak Europan, Ekialde Hurbilean eta Latinoamerikan eginen ditu

Aurtengo berrikuntza, udaberrian ere brigadak izanen direla, Paris eta Herrialde Katalanetan.

2019-ko urtarrilak 28

Beste urte batez, munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditu Askapenak, Euskal Herrian garatzen diren borroka ezberdinak ezagutzera emateko eta munduko beste tokietan ematen direnak ezagutzeko eta Euskal Herrian zabaltzeko.

“Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialean internazionalismoak duen garrantziaz jabe, borroka honetan gure ekarpena egiteko bitarteko baliagarriak ditugu brigadak. Etorkizuneko Euskal Herri internazionalista gaurtik eraikitzen hasiak gaudelako, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geure borrokak irakaspen horietatik elikatzea ezinbestekoa dugula” uste du Askapenak.

“Jakitun gara gainerako herriei egin diezaekegun ekarpen iraultzailerik handiena gure herriaren askatasuna eskuratzea dugula. Eta zerumugan norabide hori dugula garatzen dugu gure praktika internazionalista: joan-etorrikoa, herritik herrira, berdintasunean oinarritua”, azaldu dute.

Aurten, gainera, udaberrian ere brigadak izanen dira. Paris eta Herrialde Katalanetara egingo dituzte udaberriko brigada hauek, apirila amaieran. “Estatu frantziarrean garatzen ari diren borrokak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu Parisko brigadan eta Herrialde Katalanetan aldiz, bizitzen ari diren ukazio egoera eta “proces” deituriko bide orriaren mugak ere lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da”, aderiazi dute Askapenako lagunek.

Aurreko urteetan Askapenatik egindako analisiari segida emanez, aurten ere brigadak hiru eremu geografikoetan kokatuko dituzte: Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europa.

Latinoamerikak “inperialismoaren eraso bortitza” eta “herri langileen erresistentzia borrokak” ezagutzeko Argentina-Uruguai, Brasil, Venezuela, Mexiko eta Bolivian izanen dira brigadak. Ekialde Hurbileko brigadei dagokionean Palestinan zein Libanon “inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra edota errefuxiatuen egoera” ezagutuko dituzte. Azkenik, Europan, Grezia eta Sardiniara antolatuko dituzte brigadak, “periferiako herriek bizi duten egoera lantzeko, ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesueak ezagutzearekin batera”.

Gehiago