Arrikurrok jaialdian izandako bi eraso sexistak salatu dituzte Antsoainen

Emakumeen kontrako bi eraso izan ziren pasa den asteburuan Arrikurock jaialdian, eta horiek salatzeko mobilizazio bat egin zuten Antsoainen. Bi emakumeek salaketa egin zuten eta erasotzailea atxilotua izan da. Gertakari hauen aurrean "haserrea eta amorrua" erakusteko eta erasoa jasan duten emakumeei "gure besarkadarik beroena" bidaltzeko egindako kontzentrazioa hamarka lagun bildu ziren.

2017-ko irailak 13

“Erailketa eta bortxaketak icebergaren tontorra besterik ez dira. Honen azpian bortizkeria hau eragiten duen sistema ikusezina dago: sistema heteropatriarkala”, azpimarratu zuten. “Bestelako jendarte eredu bat sortzea, indarkeria sexista errefusatzea eta emakumeok jasaten dugun indarkeriari erantzuna ematea herritar guztion ardura da. Erasotzaileekin dugun konplizitateak eta edozein erasoren aurrean dugun pasibitateak ez dute balio”, gogoratu zuten. Emakumeon kontrako indarkeriarekin bukatuko duen benetako sare soziala artikulatzeko garaia dela ere nabarmendu zuten.

“Argi utzi behar diegu inork ez duela jarrera sexista, matxista ezta homofoborik onartuko eta gure guneetan ez dugula erasotzailerik nahi”, esan zuten kontzentrazioaren amaieran. “Gaua, kalea eta parranda askatasun osoz bizi nahi ditugu”, eta autodefentsa feministari ekiteko dei egin zuten.

Gehiago