Amatasunaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu azaroan Emagin Elkarteak
Azaroaren 11 eta 12an Donostiako Tabakaleran ospatuko dira (ez)amatasunaren inguruko jardunaldi hauek. Helburua, emakume ugari zeharkatzen duen gaia aztertzea eta, gaur egungo jendartearen aldaketak ikusita, amatasunari buruzko begirada eguneratzeko gune bat sortzea.
2022-ko irailak 27
Datorren azaroaren 11 eta 12an (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu Emagin Elkartetik. Euskal Herria feminista bilakatzea, eta burujabetza prozesuan sakontzea du helburu elkarte honek, eta horregatik amatasunaren gaia jorratu nahi dute.
“Aspalditik agertu zen gaia sakonki lantzeko premia. Gainera, aurrera eramaten ari ginen zaintzarekin lotutako ikerketa askotan behin eta berriz ateratzen da gaia, eta ez genuen eztabaida hori oso garatua Emagin Elkartean”, adierazi dute jardunaldien aurkezpenean.
Oso gai konplexua dela onartzen dute, eta horregatik esaten dute (ez)amatasunarena esperientzia kolektiboa dela. “Are, izaera guztiz politikoa duen talde esperientzia da eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa. Era berean, oso era intimo eta pertsonalean eramaten diren kontuak zeharkatuta dago, eta horrek gure erabakimenarekin zein erraiekin lotzen gaitu. Eta ez dugu ukatuko, min, zauri, ulermen, epai … asko sortzen dituen gaia da”.
“Izan da gure derrigorrezko destino, instituzio patriarkal gisa, eta horregatik eztabaida ekidin ezina izan da emakume askorentzat. Halaber, izan da eta da emakume* askoren desio. Argi dago amatasunak askotariko bizipenak jasotzen dituela. Horregatik uste dugu amatasunen (amatasunen, ez amatasunen eta beste amatasunen) gaineko hausnarketa feminista sustatu beharra dagoela, eta eztabaidarako zein elkartrukerako gune bat sortzea, aberasgarria izan daitekeela”.
Amatasun ereduak ikusarazi eta esperientziak ezagutu nahi dituzte, ama izateko aukera bakarrari aurre egiteko, eta diskurtso zein praktika esentzialista eta diskriminatzaileei aurre egiteko. Bestetik, amatasunen gainean sustatu diren iruditeriak aztertu nahi dituzte eta beste irudi konstelazioak sortu, eraldaketarako. Gainera, identifikatu nahi dituzte ondoezak, zein indarkeria motek gurutzatzen dituzten hainbat emakumeren hautuak, nola lotzen diren egitura sozialarekin eta zer egin behar den horiek osatzeko. Azkenik azken urteetan sortu diren teoria, diskurtso eta estrategia feministak ezagutzeko aukera izanen da, gurasotasun komunitariora salto egiteko, beste senidetasun era batzuk eraikitzeko, familia heteropatriarkala arrakalatzeko.
Donostiako Tabakaleran garatuko dira jardun guztiak, eta gaurtik azaroaren 4ra bitarte irekiko dute izena emateko epea. Bertan topatu daiteke ere jarunaldien inguruko informazio guztia.