Alde Zaharreko Osasun Zentroak igogailua izango du, sei urteko aldarrikapenaren ondoren
Iruñeko Udalak Alde Zaharreko Osasun Zentroan irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat jarriko duela iragarri du. Auzoko bizilagunek sei urtez oztopo arkitektonikoak kentzeko egindako aldarrikapenen ondoren iritsi da albistea, eta poz handiz hartu dute erabakia.
2026-ko ekainak 5
Alde Zaharreko auzokideek aspaldidanik eskatutako neurri bat errealitate bihurtzera doa. Pasa den martxoaren 21ean egindako auzo-foroan, Iruñeko Udalak jakinarazi zuen Osasun Zentroaren kanpoaldean igogailu bat instalatuko duela, eraikinean dauden oztopo arkitektonikoak gainditu eta irisgarritasuna bermatzeko.
Albistea poz handiz hartu dute auzoko bizilagunek. Izan ere, duela sei urte hasi zuten aldarrikapena. 2021eko urtarrilean, 478 instantzia aurkeztu zituzten Osasunbidean, Alde Zaharreko Osasun Zentroaren irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko eskatzeko.
Ordutik, hainbat erakundetara jo dute, besteak beste Osasunbidera, Nafarroako Parlamentura eta Arartekoarengana, mugikortasun arazoak dituzten herritarrek egunero jasaten dituzten zailtasunak salatzeko. Auzokideen ustez, irtenbide erraz eta berehalako bat bazegoen: eraikinaren ezkaratzean dagoen eta lehen sarrera gisa erabiltzen zen atea irekitzea. Hala ere, eskaera horrek ez du beharrezko erantzunik jaso urte hauetan guztietan.
Horregatik, Udalak orain emandako urratsa bereziki garrantzitsutzat jo dute. Aurreikuspenen arabera, igogailua datorren martxorako martxan egongo da, eta horri esker osasun-zentrora sartzeko dauden oztopo fisikoak desagertuko dira.
Auzokideek eskerrak eman dizkiete urte hauetan aldarrikapenarekin bat egin duten herritar guztiei eta baita Iruñeko Udalari ere, irisgarritasun arazoari konponbidea emateko hartutako erabakiagatik. Nabarmendu dutenez, helburua auzo bizigarriagoa, hurbilagoa eta pertsona guztientzat irisgarriagoa eraikitzea izan da beti.
Sei urteko lanaren ondoren, Alde Zaharreko bizilagunek garaipen garrantzitsutzat jo dute iragarpena, eta herritarren mobilizazioak emaitzak eman dituela azpimarratu dute.
