Abenduaren 8an ospatuko du Ernai-k Nafarroan Bizi Eguna

Gazteek bizi duten prekarietatea salatzeko eguna antolatu du Ernai-k abenduaren 8rako Iruñean.

2018-ko azaroak 5

“Gure bizitzako esparru guztiak busti nahi dituzte prekarietatez. Bizirautera kondenatu nahi gaitu sistemak: ziurgabetasuna, helduleku falta, ezegonkortasuna… ez digu beste eskaintzarik egiten kapitalista eta patriarkala den sistemak” salatu du Ernai-k Nafarroan Bizi Eguna iragartzerakoan. Eta prekarietateaz solasten dutenean, ez dira soilik lan baldintzaz mintzo: hezkuntzan, etxebizitzan, harremanetan, osasunean, parte-hartzean… bizi duten prekarietateaz ari dira. “Bizi proiektu duin bat eraikitzea ezinezko egin nahi digute”, ziurtatzen du Ernai-k.

“Gazteok baina, nazkatuta gaude eta ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Nafarroan bizitzeko hautua egina dugu gazteok: era duinean lan, bizi eta ikasi nahi dugu”, esan du Ernai-k. Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dute. Horren adibidea dira azken garaietan egindako mobilizazioak. “Autogestioaren alde, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz, kaleak gureak izan daitezen borrokatuz, Altsasuko gazteen alde lanean, prekarietatearen kontra…”

Gaztei “Nafarroan garatzen hasia da eraldaketa sozial eta politikoa” bultzatzeko motore izatea dagokiela uste du Ernai-k, eta Erregimena izkinaren buelta aurkitzen dela ohartarazten du. “Nafarroaren burujabetzaren aldeko pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu eta eraldaketan sakontzeko apustua egiten dugu. Erregimena ahulduta dago, baina bere erasoek egunerokoak izaten jarraitzen dute”.

“Gazteon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko beharrean gaude eta eraikiko dugu. Nafarroan bizi nahi dugu, Euskal Herrian bizi nahi dugu”, dio Ernai-k.

Datozen hilabeteetan ekimen desberdinak antolatu dituzte prekarietateari aurre egiteko. Abenduaren 6an “Espainiar proiektu politikoaren ikur nagusi den konstituzio zapaltzaileak” 40 urte beteko ditu eta testuinguru horretan, abenduaren 8an Iruñean Nafarroan Bizi Eguna ospatuko dute.

Gehiago