36 euskal sortzaile, kirolari eta akademikok bat egin dute faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako manifestuarekin

Kulturaren, musikaren, artearen, kirolaren, bertsolaritzaren eta mundu akademikoaren esparruetako 36 lagunek urrats bateratua egin dute, bizi dugun une politikoaren larritasunaren eta garrantziaren aurrean. Euskal Herriaren autogobernua, euskara, eskubide sozialak eta askatasunak defendatzeko konpromisoa berretsi dute, eta herritarrei kalean zein hautetsontzietan parte hartzeko deia egin diete.

2026-ko azaroak 9

Jardun-eremu eta ibilbide desberdinetatik, sinatzaileek beren ohiko zereginetatik harago joatea eta herritar gisa dagokien erantzukizuna beren gain hartzea erabaki dute. Uste dute bizi dugun egoerak konpromiso kolektiboa eta erantzun partekatua eskatzen dituela. Sinatzaileen aniztasunak agerian uzten du ultraeskuinaren gorakadaren eta horrek Euskal Herriko gizartearen eskubide eta askatasunentzat dakarren mehatxuaren inguruko kezka hainbat esparrutara hedatu dela.

Manifestuak ohartarazten du nazioarteko testuingurua gero eta kezkagarriagoa dela: autoritarismoa indartzen ari da, eta demokrazia, herrien askatasuna eta nazioarteko zuzenbidea kolokan jartzen ari dira. Euskal Herrian ere, ultraeskuinak mugaren bi aldeetan duen gorakadak arreta eta erantzun kolektiboa eskatzen dituela azpimarratzen du.

Sinatzaileen iritziz, une honetan jokoan daude Euskal Herriaren autogobernua, euskara, eskubide sozialak eta langileen zein herri-sektoreen eskubideak. Arrazakeria, xenofobia, matxismoa eta transfobia salatzen dituzte, baita zerbitzu publikoak ahultzeko eta oinarrizko eskubideak merkatuaren logikaren menpe jartzeko joerak ere.

Pentsamenduaren eta unibertsitatearen esparruko atxikimenduak nabarmentzen dira sinatzaileen artean. Besteak beste, Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak, Jule Goikoetxea idazlea eta filosofoak, Pedro Ibarra, Iñaki Lasagabaster eta Kiko Caballero katedradun emerituek, Mari Luz Esteban eta Sofía Martinez EHUko irakasleek bat egin dute manifestuarekin.

Kulturaren alorrean ere izen ezagun ugari batu dira ekimenera, hala nola Pirritx eta Porrotx pailazoak, Itziar Ituño aktorea, Ximun Fuchs antzerkigilea, Haimar Arejita (Gatibu), Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida (Su Ta Gar), Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Ines Osinaga, Xabier Solano eta Dupla taldeko Beñat Oribe eta Gari Uriarte. Halaber, Joseba Beramendi (Exprai) marrazkilariak eta Manex Egañak (Brigade Loco) ere bat egin dute manifestuarekin. Bertsolaritzaren esparrutik ere bat egin dute Maddi Ane Txoperena, Xabat Illaregi, Joanes Illarregi eta Alaia Martinek.

Kirolaren munduko hainbat ordezkarik ere eman dute aurrerapausoa: Besteak beste, Aritz Erkiaga zesta-puntako pilotariak, Oihana Azkorbebeitia mendi-lasterkariak, Oihana Fernandez de Barrena aizkolariak eta Helene Alberdi triatletak sinatu dute manifestua.
Esparru eta ibilbide desberdinetako pertsona horiek guztiek bat egiteak agerian uzten du une honen berezitasuna. Sinatzaileek uste dute egungo egoerak ohiko jardun-eremuetatik harago begiratzea eskatzen duela, eta, horregatik, herritar gisa duten ardura hartu eta ahotsa goratzea erabaki dute.

Manifestuak, ordea, ez du soilik arriskuez ohartarazi nahi. Eraikitzeko borondatea ere adierazten du: Euskal Herri askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa aldarrikatzen du, herriak bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea izango duena.

Horretarako, herritarrei kalean mobilizatzeko deia egiten die, datozen asteetarako deitutako ekimenetan parte hartzera animatuz: azaroaren 11ko etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrean, azaroaren 14an Bilbon egingo den «Badatorren Euskal Herria defendatu» manifestazioan, azaroaren 21ean Baionan euskararen alde egingo den mobilizazioan eta azaroaren 28an Miarritzen Canon françaisaren aurka egingo den mobilizazioan.

Halaber, Hego Euskal Herrian azaroaren 29an egingo diren hauteskundeei begira, hautetsontzien garrantzia azpimarratzen du. Burujabetza, eskubide eta askatasunen inguruko erabakietan herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela gogorarazten du.
«Ez dugu etsipenetik jardun nahi. Ezta beldurretik ere. Guk, eraiki nahi dugu», dio manifestuak.

Azkenik, sinatzaileek herritarrei dei egin diete manifestua zabaltzeko, atxikimendua emateko eta ekimenarekin bat egiteko. Manifestua babestu eta sinatzeko aukera dago dagoeneko. Helburua da hasierako 36 sinatzaileek emandako urratsari ahalik eta herritar gehien batzea, Euskal Herri askeago, bidezkoago eta demokratikoago baten aldeko konpromisoa herritar gehiagorengana zabaltzeko.

Manifestuaren sinatzaileak:
Abarzuza Apezarena, Patxo (liburu-saltzailea)
Agirretxe Kerexeta, Joxemari “Porrotx” (pailazoa)
Agirre Lasarte, Ramon (aktorea)
Alberdi Sololuze, Helene (Triatleta)
Arejita Mallea, Haimar (musikaria)
Armendariz Villabuena, Gorka (musikaria)
Arrula Ruiz, Garazi (idazlea eta editorea)
Azkorbebeitia Urizar, Oihana (mendi-lasterkaria)
Balluerka, Nekane (EHUko errektore ohia)
Bastida, Xabier “Xabi” (musikaria)
Bengoetxea Zabalza, Aitor “Bengo” (abeslaria eta dantzaria)
Beramendi Nazabal, Joseba “Exprai” (marrazkilaria)
Caballero Harriet, Francisco Javier “Kiko” (EHUko Zuzenbideko katedradun emeritua)
Egaña Larramendi, Manex (musikaria)
Erkiaga Zumelaga, Aritz (zesta-puntako pilotaria)
Esteban Galarza, Mari Luz (EHUko irakaslea)
Fernandez de Barrena, Oihana (aizkolaria)
Fuchs, Ximun (antzerki zuzendaria, aktorea eta sortzailea)
Goldarazena Laborda, Julen “Flakofonki” (musikaria)
Goikoetxea Mentxaka, Jule (idazlea eta filosofoa)
Gorosabel Garai, Aitor (musikaria)
Ibarra Güell, Pedro (EHUko irakasle jubilatua)
Illaregi Marzol, Xabat (bertsolaria)
Illarregi Marzol, Joanes (bertsolaria)
Ituño Martínez, Itziar (aktorea)
Lasagabaster Herrarte, Iñaki (EHUko emeritua)
Martin Etxebeste, Alaia (bertsolaria)
Martinez Garaot, Sofía (EHUko irakaslea)
Morras Zazpe, Xabier (margolaria)
Oribe Garmendia, Beñat (musikaria)
Ortiz de Villalba, Iñaki (musikaria)
Osinaga Urizar, Ines (musikaria)
Solano Maiza, Xabier (musikaria)
Txoperena Iribarren, Maddi Ane (bertsolaria)
Uriarte Ovejas, Gari ( musikaria)
Urruty, Maryse (aktorea)
Zulaika Soroa, Aiora “Pirritx” (pailazoa)

Gehiago