Sakanan izandako eraso faxistak salatu eta antifaxismoa indartzeko deia egin dute

Berriki agertutako pintaden atzean talde antolatu egon daitekela salatu dute Sakanako hainbat eragile antifaxistek.

2026-ko azaroak 3

Berriki Sakanako hainbat herritan agertutako mehatxu faxista larriak eta ikur naziak irmoki salatzeko asmoz agerraldia egin zuten larunbatean Sakanako eragile sozial eta herritar ezberdinek. Agerraldi honekin elkartasuna adierazi nahi izan zieten mehatxu hauek jaso dituzten guztiei. Izan ere, hainbat kolektibo eta pertsona zehatzei mehatxatu zieten pintadekin. Sakanako antifaxisten ustetan, eraso hauen atzean “talde faxista antolatu bat” egon daiteke.

Egindako prentsaurrekoan eraso hauek gorrotoaren diskurtsoen eta eskuin muturraren gorakadaren testuinguru zabalago batean kokatu dituzte. Horren aurrean “eremu anitzetatik garatzen dugun jardun antifaxistan sakontzeko deia” egin dute. “Erantzun demokratiko, plural, kolektibo eta herritarretan oinarritutako antifaxismoan. Herritarren eskubideen defentsa eta etxebizitza eskubidea bera, greba orokorraren bidez lehen lerrora ekarriko dituen antifaxismoan. Azaroko deialdi mobilizatzaile ezberdinetan, izan kalean, izan masa mobilizazioetan edota izan hautetsontzietan, indarrak metatzeko aukera probestuko duen antifaxismoan. Inklusioa eta aniztasuna zaindu eta zabalduko dituen antifaxismoan. Emakumeon eskubideen eta gizarte feminista baten aldeko jardunean sakonduko duen antifaxismoan. Trantsizio ekosozial justu eta demokratikoan ardaztutako antifaxismoan. Pentsio duinen aldeko borrokak eredu dituen antifaxismoan. Eskubide material duinak lortzeko eremu ezberdinetatik egiten den jardun sozial, kultural, sindikal edota instituzionala uztartzen dituen antifaxismoan. Finean, herri eta langile sektoreen eskubideak lehenesten dituen antifaxismoan”, hain zuzen ere.

Sakanako etorkizuna “kolorez, aniztasunez eta errespetuan, eta elkarbizitza demokratikoan oinarriturik eraikitzen jarraitzeko konpromisoan” berresten dira, eta Sakanan lanean eta herrigintzan jarraituko dutela nabarmendu dute “eskubide guztiak, herritar guztientzat” bermatzeko.

Gehiago