2.000 gaztek eman diote hasiera Gazte Martxari

Gazte Martxa Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolaturiko ekimenak Lekunberritik Berriozarreraino eginen du bidea.

2015-ko apirilak 4

Bidean elkar ezagutu, elkarrekin eztabaidatu eta hausnartu, eta kultur ekitaldiez gozatzeko asmotan elkartu dira 2.000 gazte Lekunberrin hasi, Irurtzunen geldialdia egin eta Berriozarren amaituko den Gazte Martxan. Ilusioz eta indarrez betetzeko hiru egun izatea espero dute Aitzina eta Ernaik, ondoren nor bere herrira lanera gogoz itzultzeko.

Goizean goiz autobus andana heldu da Lekunberrira. Oihal etxeak eta bestelakoak antolatu, pultserak eta kantinplorak jaso, eta martxari ekin diote motxilak lepoan hartuta. “Pertsona askez osatutako herri gorri, berde ta morea eraikiko dugu!” oihu eginda hartu dute Latasaranzko bidea. Egun erdia igarota, bapo bazkaldu eta martxaren bigarren zatia egin dute eguzkipean, batek baino gehiagok kantuan eta dantzan.

Arratsaldeko bostak aldera sartu dira Irurtzunen, eta akanpalekuan oihal etxe guztiak antolatu, dutxa eder bat hartu eta arratsalde eta gaueko eskaintzaz gozatzeko aukera izan dute. Euskal herriko prozesu eratzailearen eta nazioarteko ordezkarien hitzaldiak eta xamurtasun tailerra izan dituzte lehenik, eta musikak eta bertsoak hartu dute lekua ondoren. Uluka taldeak afalordua goxatu du, eta Gazte Oihua musika maratoian gaztez osatutako musika taldeek hartu dute oholtza. Bertsozaleek, aldiz, Bertso Olinpiadak ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute.

Larunbatean, aldiz, Irurtzunetik Berriozarrera ekingo diote bideari, goizean goiz abiatuta. Bertan egingo dute ekitaldi nagusia, eta kontzertuek girotuko dute gaua: Skakeitan, Oliba Gorriak, Kop, Raperos de emaus & zero koma backing band, Mandoilek eta erromeria.

Igandean, aldiz, kalejira kooretsu baten Aberri Eguneko mobilizazioetara joango dira.

Gehiago