COVID19a dela eta, Ernai eta Aintzina gazte antolakundeek bertan behera utzi dute BidEHbat ekimena

COVID19 birusaren hedapenak "osasun publiko arazo bat" eta "krisi sozial bat" ekarri dituela azpimarratuz eta horrek "gure Herriaren bizitza ekonomiko, politiko eta sozialean eragin zuzena" izaten ari dela kontutan hartuz, "erantzukizunez jokatu eta hainbat neurri hartzea" erabaki dutela iragarri dute gazte erakundeek. Horien artean, momentuz, apirilan egin beharreko BidEHbat ekimena bertan behera uztea.

2020-ko martxoak 13

Antolakunde feminista eta antikapitalista gara, eta zaintza erdigunera ekartzeko apustua egiten dugu. Pertsonala politikoa dela sinesten dugulako, COVID19aren aurrean antolakunde bezala erantzutea dagokigu: politika antikapitalista eta feministak eginez. Militante politikoak gara eta norabide horretan egingo dugu lan.

Koronabirusari emango zaion aterabidea ez da neutrala, klase, genero, arraza… kontraesanek zeharkatzen dute eta ez zaio erantzun integreal bat ematen ari. Bizitzak kapitalaren gainetik daude eta lehentasuna osasuna, eskubideak eta neurriak dira. Asko ari da hitz egiten ondorio ekonomiko larriez eta horri aurre egiteko besteak beste, enpresei diru laguntzak emateaz. Gure ustez ondorio ekonomikoak ezin dira langileon eta sektore prekarizatuenen gain geratu. Horrekin lotuta, enplegu eremuan segurtasun baldintzak bermatu eta langileon osasuna lehen lerroan jartzea exijitzen dugu. Doakiela gure babes eta errekonozimendu osoa Osasunbidean zein Osakidetzan lanean ari direnei eta babesgabe zein modu ebentualean lanean ari diren gazteei. Langileon eskubideak bermatzea ezin da ezein erabakitik deslotu. Gure buruen zaintza eskubideen zaintza eta aitortzatik abiatzen da.

Osasuna eta bizitzak erdigunera ekartzea dagokigu. Herri bezala erantzuteko eta bizitzak modu kolektiboan zaintzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Gure ohiko jardun militantearen zati handi bat baldintzatuta egoteak, eta gutako hainbaten kasutan baita, esaterako, heziketa berrantolatu behar izateak, denboraren kudeaketa orekatzera eramaten gaitu. Denbora hori bera bizitzak kolektiboki sostengatzeko baliatzea proposatzen dugu, gazteok ere kasu honetan lehen lerroan egon gaitezen. Egun hauetako praktika izan dadila Euskal Herri sozialista eta feministaren ehun komunitarioa eraikitzera bidean urrats bat. Norabide horretan, Ernairen militantzia eta komunitatea inplikatzeko deialdia egiten dugu.

Egoerak hala behartuta, neurri eta erabakiak hartu behar izan ditu Ernaik. Datozen erronka jendetsuak momentuz bertan behera uztea dagokigu. Jende multzoak elkartzeak ekar ditzakeen arriskuekiko erantzukizunez jokatuz, horretara bideratutako ekimenak, aisialdi eskaintzak edota saio handiak atzeratu edota behin behinean bertan behera utziko ditugu. Aipamen berezia egin nahi diogu apirilaren 10, 11 eta 12rako antolatzen gabiltzan bidEHbat ekimenari. Euskal Herriko txoko desberdinetako gazte andana batu eta horien artean harremandu eta elkar-ikasteko plaza izatea zuen helburu. Ezin dugu jokatu gizartean gertatzen ari dena kontutan hartu gabe, eta beraz, ekimena behin behinean bertan behera geratuko da.

Gure deia gazteon artean zaintza kate bat herriarekin artikulatzen hastearena da, kontaktu bide bat irekitzea zaintza lanak behar dituzten herritarrekin eta horri aterabidea ematea: umeak edo nagusiak zainduz, otorduak prestatu eta banatuz… norabide horretan sortzaileak izan eta tokian tokira egokitutako praktikak bultzatuko ditugu gazte mugimenduko kideekin batera. Lehentasunez BIZITZAK!

Gehiago